AGENDA21

Eskolako Agenda 21: Elikadura Jasangarria

Elikagaien kalitatea eta ekoizpen era dela eta kezka sortu da gizartean: gaixotasunak, arriskuak, ingurumen arazoak,… Gardentasuna falta da: ez dakigu nondik datozen elikagaiak eta nola produzituta dauden egunero jaten ditugun elikagaiak. Transgenikoak, (genetikoki eraldatutako organismoak), intsektizidak, fungizidak, herbizidak, ongarri sintetikoak, hormonak eta botikak erabiltzen dira landare eta animalien ekoizpenean. Gainera sarritan kontsumitzen ditugun elikagaiak hemendik urruti produzitutakoak dira, garraioaren ingurumen inpaktuak areagotuz eta lan baldintza gogorretan sortuak dira, mundu mailako ezberdintasunak areagotuz.

Arazo horien aurrean kalitate bereiziko elikagaien produkzioa (ekologikoa, artesanala, bertakoa, ea.) eta merkaturatzeko bide motzak zein lan baldintza duinak, bertako nekazaritza eta nekazal ingurunea indartzeko eta hobetzeko aukera bezala ikusten dira. Produktu fresko eta sasoikoen kontsumoaren sustapenarekin batera kultura gastronomikoa eta agro-biodibertsitatea (bertako elikagai barietateak…) errekuperatzea lortu daiteke.

Ume eta gazteen garapen egokia baldintzatzen duten elementuen artean elikadura osasuntsua bermatzea izanik, EA21 programaren bidez, txikitatik dieta orekatuen bidez elikatzeko ohitura osasuntsu eta jasangarriak praktikatzea (jaten dutenaren ezaugarrietaz hausnartuz) bultzatzen dugu.

Elikadura Jasangarria lantzeak ikasleak hezi eta familiak konzientziatzeaz gain, ingurumenaren hobekuntza, bertako nekazaritza eta abeltzaintzaren sustapena, nekazari eta abeltzainen balorazioa eta ikasleen elikadura osasuntsuagoa lortzen lagun lezake.