BERRIKUNTZA ETENGABEA

ELEANITZ-ENGLISH PROIEKTUA

Ikastoletan aspaldi konturatu ginen: XXI. mendeko euskaldunek eleanitzak izan behar dute. Gazteak, Ikastolatik irtetean, euskaraz eta gaztelaniaz mintzatzeko gai izateaz gain, ingelesez ere aritzeko gai izan behar dira. Horregatik izan ginen lehenak eleaniztasun goiztiarra ezartzen (4 urterekin), guk geuk sortu eta nazioarteko zein estatu mailako sariak jaso dituen metodologia baten bidez. 1991n hasitako bidea DBH 3. eta 4. Gizarte Zientziak ingelesez ematen sendotu da.

EUSKARAZ BIZI

Euskaran murgiltze ereduari esker, ikasleen euskarazko erreferentzia gehienak ikasgela barrukoak zirela konturatu ginen. Ikasgelatik irtetean, herrian, hedabideetan edota aisialdian erdara da nagusi. Horretaz ohartuta, Euskaraz Bizi proiektua sortu zen, Argitxok irudikatzen duena. Ikasgelatik kanpo euskararen erabilera bultzatzea eta ikasleen motibazioa areagotzeko hainbat kanpaina eta ekintza (Euskararen eguna, Olentzero ospakizunak, Agate Deuna, Inauteriak…) antolatzea  dugu helburu.

HIZPRO; HIZKUNTZ PROIEKTUA

Euskaraz Bizi ostean,  beste urrats bat behar genuen: Ikasgela barruan eta kanpoan garatutako ekimenen arteko koherentzia ziurtatzeko proiektu globalago bat. Horrela sortu zen Hizkuntza Proiektua, Euskaraz Biziren kanpainez gain, Ikastola osoko materialak, komunikazioak, metodologia eta hizkuntza antolaketa aztertzen dituena.

ESKOLA AGENDA 21

Ingurunearekiko begirunezko baloreak eta garapen jasangarria bultzatzea  helburutzat duen egitasmo honekin orain dela 8 urte hasi ginen, ikastola osora natur baliabideen erabilpen arduratsuaren kontzientzia hedatzeko. Horregatik proiektu honetan planteatzen diren ekintza gehienak ikasle, guraso eta langileei zuzentzen zaizkie. Urte hauetan egindako lanaren arauzko ebaluazioa pasa ondoren, 2011ko ekainean jaso genuen Eskola Jasangarriaren errekonozimendua.

 

IKT; INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIORAKO TEKNOLOGIAK

Azpeitiko Ikastolak Informazio eta Komunikaziorako Teknologien hedapena bere eguneroko jardueran txertatzeko plana garatu du. Ikastolen Elkarteak bultzatutako IKT proiektu barruan ikastola pilotu moduan dihardugu. Alde batetik, proiektu honek bermatu nahi du Laudio Ikastolako ikasleek Ikastetxeko Hezkuntza eta Curriculum Proiektuetan dauden IKTen arloko oinarrizko konpetentziak eskura ditzatela derrigorrezko irakaskuntzan zehar. Bestetik,  eguneroko praktikan ikasleek IKT tresnak autonomiaz erabil ditzatela: ordenagailuak,  curriculum softwarea, web bidez zuzendutako irakaskuntza,  koaderno, liburu eta arbela digitalak… Gainera Ikastolako profesionalek etengabeko berrikuntza lanean dihardute IKTen ahalmen didaktikoen atarramendua arakatzen eta egikaritzen.

IKASGELA BIRTUALA

E-learning  plataformek (internet bidezko aprendizaia) eskaintzen dituzten aurrerabideak Ikastolaren jarduera pedagogikoan txertatzen hasiak gara Ikasgela Birtuala proiektuaren bidez. 2007/08 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikasleei internet bidez etxean hainbat arlotako edukiak lantzeko aukera eskaintzen hasi ginen.