Txikipediaren erronka gainditua...266 sarrera berri!

DBH 1eko ikasleek, Euskal Wikilariak elkarteak, Ikastolen Elkartearekin batera garatutako " Nik, zuk, guk...250 bai?"erronkan parte hartu dute.Aste Santuko oporraldien itzuleran, langa hori gainditzea lortu dute, emakumezko zientzilarien biografiak osatuz, beste 17 Ikastolatako ikasleekin batera.

266 sarrera argitaratu dituzte 18 ikastola horietako ikasleek; gehien gehienak emakumeen biografiak dira eta horietan gehientsuenak emakume zientzialarienak. Euskal Wikilariak elkartearen baieztapenaren zain, ikasleei luzatutako erronka, beraz, gainditu dutela esan daiteke. Gainera, 250eko langa gainditzearekin nahikoa ez, eta 266 sarrera berri horiei gehiago erantsiko dizkiete hurrengo egunetan. Guztiak bukatuta, 290 sarrera inguru izango dira.

Otsailaren 9an ekin zioten hemezortzi ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Ez zen ausaz aukeratu eguna, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen baita, eta erronkaren helburu nagusietakoa emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea baitzen. Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Txikipedian 250 sarrera berri egiteko botatako erronkaren lehenbiziko balantzea egiteko konpromisoa hartu zen, sarrera gehienak emakumeei buruzkoak izatea nahi baitzen.

Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu hemezortzi ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.

Proiektu parte-hartzaile bat jorratu nahi izan dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak. Erronka formatuan planteatu zuten, ikasleen sentsibilizazioa eta proaktibotasuna sustatu asmoz.

Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez, helburu hauek lortu nahi izan dira:

  • Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea.
  • Gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Konpetentzia digitala lantzea.