Hezkuntza legea eta lurraldetasuna. Iritzi artikulua.

Hezkuntza legea eta lurraldetasuna

Koldo Tellitu

Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Otsailean aurkeztu dugun Endekalogoa oinarri hartuta, ikastolak lanean ari gara biharko Euskal Hezkuntza Sistema gaurtik eraikitzeko elkarlan eta eztabaidarako gonbitea eginez euskal hezkuntza komunitateari eta euskal gizarteari. Endekalogo horretan, hain zuzen, zehazten dugu guretzat ezinbestekoa den ideia bat: euskal hezkuntza sistema batek Euskal Herria bere osotasunean hartu behar duela, eta Euskal Herria kontzeptua bera landu behar duela. Honela azpimarratzen du Endekalogoak: “Dagokion lurralde bakoitzeko errealitateak kontuan izanik, osotasun batetik abiatuko dena, errealitate guztien aniztasunari zentzu komuna emango diona. Euskal Herriaren lurralde osoak eragingo diona, eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemetako ikastetxeen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatuko dituena”.

Aitor dezagun: gure gizartearen zati batentzat gai hau ez da lehentasunezkoa, zera sinboliko batera mugatzen da,  eta desideratum urrun gisa baino ez da aipatzen askotan. Errealitate hori are nabarmenago agertzen zaigu Euskal Herria osatzen duten lurralde bakoitzeko gizartearen irakurketa egiten badugu, edo askotariko errealitate administratiboen arteko harremanen zailtasunei erreparatzen badiegu. Hau da errealitatea: Gure Hezkuntzaren lege-kudeaketa bi Estaturen eta hiru hezkuntza-administrazioren esku dago.

Gure helburuak kontuan harturik, dena den, Ikastolen iritziz badago zereginik; aipatutako errealitatetik abiatuta, pausoak eman daitezke eta eman behar dira. Zentzu horretan, zinez interesgarriak zaizkigu Telesforo Monzon Lab-ek egindako bigarren Naziometroaren hainbat ondorio: euskal gizartearen gehiengo batek Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako eremuarekin identifikatzen du (%41), gainontzeko aukerak askoz emaitza txikiagoak izanik; bestalde, lurraldeen arteko harremanak estutzeko nahia oso handia da (%87), eta datu hori Hezkuntzara ekartzen badugu, %55ek adierazi dute harreman horietan harago joateko nahi hori.

Zergatik ez sakondu bide honetan, beraz? Ikastoletan eta beste esparru batzuetan pausoak eman dira, eta esperientzia horrek bi ondorio ekarri dizkigu: batetik, ez da beti erraza desideratum-etatik errealitateetara igarotzea, ikuspegi eta pentsaera berri batekin aritu ezean. Bigarren ondorio bat ere atera dugu, ordea: posible da. Eta, posible ez ezik, aberasgarria eta onuragarria ere bada, eta hori egindako bideak berak erakusten digu.  

Agerikoa da ezin dela alde batera utzi errealitate administratibo ugarien ebidentzia, eta, adibidez,  EAEn bakarrik landutako Lege batek ezin duela errealitate horren gainetik egon. Hala ere, ikastolok uste dugu gure gizarte osoan dagoen nahi hori bideratzeko  ahalegina egin beharra dagoela. Nola egin? Gure iritziz, bi bide edo lan arlo ahalbideratu beharko lituzke aipatutako Legeak:

Bat:  Arlo pedagogikoan, dauden ikastetxe guztien arteko harremanak bideratuz, ikastetxeen arteko sareak hedatzea bultzatuz, dauden askotariko esperientziak trukatzeko aukerari lehentasuna emanez. Bakoitza bere errealitatetik abiatuta, elkarlan hori posible da: ikastoletan, gure jardunean, esperientzia handia dugu gai honen inguruan, Euskal Herri osoko ikastolen artean, gure eguneroko esperientziak, beharrak, lehentasunak… partekatzen ditugu.

Ez da erraza, bakoitzaren egoera soziolinguistikoa eta administratiboa ezberdina delako, baina, ezberdintasun horiek alde batera utzita, gauza asko ere parteka daitezke, baita batak besteari ekarpenak egin ere: Euskal Curriculuma oinarri hartuta gure ikasleen irteera profilak aztertu, euskararen egoera eta zabaltzeko estrategiak egoera bakoitzaren arabera, oinarri pedagogiko ezberdinen inguruko eztabaidak, metodologiak … Asko egin daiteke: denontzat baliagarriak diren estrategiak eta dinamikak aurkitzeko esperimentatu egin behar da proba-hutsegiteen bidez. Administrazioen aldetik ahalbideratu eta bultzatu egin beharko lirateke ekimen hauek, sare horiek bideratuta, behar diren baliabideak eta bideak helburu horren zerbitzura jarrita.

Bi:  Egituraketa alorrean, eskumen ezberdinak dituzten hiru esparruren aurrean gaudenez, horien arteko elkarlana bideratzeko tresna berri batzuk martxan jartzeko aukera eman beharko luke Legeak. Zentzu horretan, ikastoletan badugu bide bat jorratua, Elkartasun Kutxa deitzen dioguna. Honetan datza: urtean behin elkartzen gara Euskal Herriko ikastola guztiak, denon artean behar berezienak dituztenak eta ikastola guztientzat estrategikoak diren proiektuak zein diren erabakitzeko, eta horiei denok egindako ekarpenak bideratzeko. Horrekin batera, urte osoan zehar, modu iraunkorrean elkarlanerako eztabaida eta erabaki guneak eraikitzen ari gara Ikastolen Elkartearen baitan.

Jakina, Euskal Hezkuntza Sistema baterako proposamenak zabalagoa behar du izan, ikastoletara mugatu gabe.  Euskal Herriaren ikuspegi integraletik begiratuta, erronkak biderkatu egiten baitira. Horra batzuk: zer egin eta nola bultzatu euskarazko irakaskuntza eremu ez euskaldunetan? Nola bideratu aniztasuna iparraldeko ikastetxeetan? Nola orokortu euskarazko irakaskuntza iparraldeko ikastetxeetan, eta ez bakarrik ikastoletan?

Gure ustez, badago bide erreal eta posible bat: Europar markotik abiatuta, eraiki dezagun Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuko duen hezkuntza erakunde bat, partzuergo bat, non hiru eremu administratiboetako erakundeek eta, horiekin batera, entitate Kooperatibo, herritar eta pribatuek ere parte hartuko duten, denontzat estrategikoak diren proiektuak bideratzeko balio dezakeena. Baditugu arazo komunak, Europa barruan herri bezala ditugunak, hain zuzen, eta, konbentzituta gaude, horiei denon artean eta elkarrekin egin behar diegula aurre. Euskal Herri gisa ditugun aukerak baliatu behar ditugu, gure beharrei ahalik eta erantzun gehien Europako eremuan bilatuz.

Hemendik 10-15 urte zer nolako hezkuntza sistema, zer nolako Euskal Herria nahi dugun pentsatzeko une erabakigarrian gaude, eta gure egiturazko beharrei aurre egiteko, pentsaera eta lan molde berriekin begiratu behar diogu gure etorkizunari. Ez gara ari bakoitzaren eremutik abiatuta beste bati laguntza bat edo bestea emateaz, denon artean eztabaidatu, adostu eta garatutako etorkizuna eraikitzeaz baizik.  Eman diezaiogun gaurtik biharkoari bide. Egin dezagun gaurtik biharko bidea.