Beste horrenbesterako

Gure etxeak 25 urte bete ditu. Azpeitiko Ikastola sortu zenetik 56 urte diren arren, 25 dira Izarraitz magaleko etxe honetan gaudenetik. Gozo dago ikastola orain, osasuntsu, indartsu eta alai, baina Ikastolari eutsi eta etxe berria egiteko garaia ez zen gozoa izan. Horregatik, Ikasberri kooperatiba sortzeko urte haiek gogoratzeko, egindakoa errekonozitzeko, bidean egindakoak akorduan hartu eta aurrera begira jartzeko mahai ingurua egin genuen urteurren borobila betetzen zen egunean bertan, azaroaren 17an. Han, lagun izan genituen hasiera hartako guraso eta irakasleetako batzuk; orduan ikasle izandakoak; orduan ikasle eta gaur guraso direnak; eta baita orduan ikastolarekin loturarik izan ez arren gaur egun gurekin dauden gurasoak ere. Festa mokadutxoarekin amaitzea zen asmoa, entzundakoek gogora ekarritakoak elkarrekin partekatuz eta ospatuz. Baina, pandemia bete-betean, ezin izan zen hala borobildu. 

Mende laurden egin genuen atzera, hasteko. Eta are atzerago egin zuen Gema Larrañaga andereñoak. Ikastolaren sorrera-sorreran Azkoitian ibili zen andereño, eta hango esperientziak kontatu zituen aurrena. Eta duela 25 urteko ataka zailari ere egin zion erreferentzia. 

Izan ere, 1993. urtean Hezkuntza Legea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, Buesaren legea bezala ezagunagoa dena. Ordura arte hiru saretan antolatuta zegoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza: sare publikoa, pribatua eta ikastolen sarea. Lege hark ezabatu egin zuen ikastolen sarea, eta ikastola bakoitza behartu zuten sare publikoan edo pribatuan sartzera. Ikastolari eutsi nahi zietenek argi ikusi zuten sare pribatua zela ikastolen ereduari jarraitzeko modua, eta horren alde egin zuten. Ikastola bakoitzak bere prozesua egin zuen erabaki hura hartzeko, eta Azpeitikoa izan zen mingarrienetako bat. Izarraizpe kooperatibak batzen zituen orduan eskualdeko ikastolak. Kooperatiko batzarrak bozketaz erabaki behar zuen zein saretan jarraitu. Bozketetan baina, ez zegoen aurrera egiteko modurik: gehiengo sinplea lortu zuten sare publikora batzearen aldekoek, baina kooperatiba bat desagertzeko behar zen 2/3ak ez zituen batzen. Akordiorako saio asko egin ziren, baina ez zen halakorik lortu. Orduan, ikastolei eutsi nahi zieten 300 familia baino gehiagok beren bidea egitea erabaki zuten. Borroka hark hainbat molde izan zituen: eraikinetako giltzak lortzeko ia hiru hilabeteko itxialdia egin zuten gurasoek; Badok13 sortu zuten, eta mugimendu hura guztia bideratu zuen batzordea eratu. Borroka legala abiatu zuten, eta baita kooperatiba berria sortzeko bide administratiboa ere: lurrak erosi, eraikina egin ahal izateko norbere etxeak abalatu… Dena oztopo eta traba zen arren, guztiari buelta ematea lortu zuten. Guraso, irakasle, langile, ikasle eta laguntzaile konprometitu eta motibatuen talde indartsua zegoen, eta hura ez zegoen gelditzerik.

Gaurko etxea egin aurretik, ikasturte oso bat egin zuten eskolak emateko eraikinik gabe. Urte hartako ibilerak ekarri zituen gogora Anita Uzkudunek: nola utzi zizkien elizak hainbat eraikin, eta haiek denak txukun-txukun jartzeko ze lan egin zituzten. Jangelarik ere ez zen urte hartan, baina Errezildik etorritako ikaslea bai, mordoa. Haiek etxeetan jaten zuten, eta haiei bazkaria ematen zietenen artean ziren Uzkudun bera, eta baita Manoli Etxeberria ere. Azken honek, gainera, garai hartan ez zuen seme-alabarik ikastolan ikasten, baina, hala ere ikastolaren alde ahal zutena egitea erabaki zuten.

Joxe eta Haritz Garmendia aita semeek ere hartu zuten hitza. Irakasle eta guraso zen Joxe duela 25 urte, eta bost urteko ikasle Haritz. Azkoitian bizi arren, Azpeitira etorri ziren bizitzera, ikastolan jarraitzeko. Bien artean ikastolen beharraren kokatze ideologiko bat egin zuten. Norberak bere erara, baina hura naziogintzarekin lotuz.

Alazne Apalantza ikasle ohiak hartu zuen hitza gero. Errezildik etortzea zer izan zen, kilometroak nola bizi izan zituen… Fisioterapeuta da orain, eta Emeki zentroa dauka Tolosan, emakumeen osasunaz arduratzen da, zoru pelbikoaz, haurdunaldiaz... Euskara hutsean egiten du lan, nahiz eta badakien gazteleraz eginda negozioak arrakasta gehiago izango zuela, baina euskara da bere bidea, eta argi du, horretan baduela zerikusia ikastolan ikasi izanak.

Jorge Ortega madrildarra da izatez. Duela 25 urte han zen, magisteritza ikasten. Eva Mena bere bikotekidea Jaengoa da, nahiz eta bizitza osoa Mallorcan egin duen. Biak Azkoitian bizi dira orain Izadi eta Vera alabekin, eta haiek ikastolara ekartzen dituzte. Ikastolaren eredu pedagogikoa gustatzen zaielako egin zuten ikastolaren alde, eta pertsona erdigunean jartzen duelako. Aipamen berezia egin zion harreran egoten den Lorea Mujikari. “Etortzen naiz, eta ezaguru egiten nau, eta lagundu egiten dit”. 

Beñat Azurmendi izan zen hitza hartzen azkena. Ikastolako ikasle ohia, bertako zuzendari izandakoa, eta gaur egun Ikastolen Elkarteko langilea. Ikastolek aurre egiteko dituzten erronkak aipatu zituen: tartean zein eskola nazional mota nahi dugun gogoeta egitea, eta pertsona erdigunean jartzea.

Agertoki gainean jendea hizketan ari zen bitartean, Aitor Bengoetxea Ondarru ikasle ohi eta gurasoak eta Lantz Unanue, Maddi Astigarraga eta Jon Martinez ikasleek mural bat margotu zuten, lelo argi batekin: Sustraiak eta Hegoak. Sustraiak eman behar dizkigulako ikastolak, lurrari lotu; baina, aldi berean hezkuntzak ez baitu irabazten sustraietan katigatuta ez gelditzeko hegoak ematen ez baditu. Ametsak jarraituz bidea egiteko.