Asteburuan auzolanean aritu dira gurasoak ikastolan

Pasa den asteburuan, larunbatean, hainbat guraso berrikuntzak egiten izan ziren ikastolan.

Ikastolan berrikuntza, sorkuntza eta auzolanean aritu ziren guraso ugari martxoaren 26an. HHko eta DBHko BESOAk taldeko kideak elkartu ziren eta ikastolan lan ezberdinak burutu zituzten.

Ikastola sarrerako eskailerapea txukundu eta itxi zuten, eta 25. urteurrenean gure ikasle eta gurasoek margotu zuten murala aretoko paretan jarri. Horiez gain, HH0 gelako sabaia pintatu eta HHrako jardin bertikala jarri zuten. Ikastolako goiko partean, berriz, DBHko ikasleek pasilloetan kartelak jartzeko guneak prestatu zituzten eta teknologia gelarako mahai berriak egin. Azkenik, energiaren erabilera gutxitzeko pausuekin jarraituz, DBHko eta aretoko argiak aldatu zituzten, lehendik zeudenak kendu eta LEDak jarriz.

Giro paregabean aritu ziren gerturatu ziren gurasoak, eta mokadu bat egiteko tartea ere hartu zuten; euskaldunok ere lana hobeto egiten baitugu sabela beteta!

Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi!