Kafe Tertulien hausnarketa: 1. atala

 

Ikastolok Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko berriak izan beharko lituzkeen oinarriak proposatu genituen 2014an egindako topaketetan, eta, berriki, BIHAR prozesuan berretsi ditugu.

Azken hilabete luze hauetan hezkuntzaren gaia lehen lerroan egon da, eta berri, iritzi artikulu eta elkarrizketa ugari irakurri eta entzun ditugu prentsa eta hedabideetan EAE mailan zirriborratzen ari den hezkuntza legearen inguruan. Alderdi politikoek, sindikatuek, hezkuntza-eragileek, euskalgintzakoek zein norbanakoek euren ikuspegiak eta posizionamenduak agertu dituzte.

Ikastolan ere BIHAR prozesuaren baitan kafe tertulia desberdinak antolatu ditugu azken hilabeteetan, eta testuinguru honek aukera paregabea eman digu balizko hezkuntza lege berri horren aurrean ikastolon ekarpena, ikastolon lekua, ikastolon egitekoa eta ikastolon konpromisoa zein diren pentsatzeko, eztabaidatzeko eta partekatzeko.

Ondorengo lerroetan BIHAR prozesuan jasotako oinarrien, eta zirriborratzen ari den lege berriarekin ikusten ditugun aukeren, erronken eta arriskuen lehen atala dator.

 

1. HEZKUNTZAK LANDU BEHARREKO OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

Euskal herritar orori Euskal Herritik mundura begiratuz, euskaraz ikasteko eta hezteko eskubidea bermatuko dion Hezkuntza Zerbitzu Publikoa behar dela uste dugu. Zein da Ikastolak atal horretan eskaintzen duena? Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak bete beharko lituzkeen ezaugarriak aztertu ditugu:

  • Guretzako euskarazko irakaskuntza (D eredua) eta hezkuntza euskalduna ez dira gauza bera. Euskal Herritik, Euskal Herrirako eta euskaraz egindako hezkuntza proposamen da gurea. Euskaldunok gure ikuspegitik Euskal Herrirako sortutakoa izan behar du, euskaraz; hori eta euskaraz irakastea ez dira gauza bera.
  • Ikastolak Euskal Herria osotasunean aitortu eta horren arabera lan egiten duen hezkuntza-eremuko eragileak gara.
  • Euskal Herrian, euskal kulturan eta euskaraz oinarritzen den curriculuma eta materiala sortu ditugu, eta horiez baliatuta antolatzen dugu geure hezkuntza jarduna. Ez hori bakarrik, guk sortua bestelako hezkuntza eragileen eskura uzten dugu beraiek ere oinarri horietan garatu ditzaten beren Hezkuntza proiektuak.
  • Ikastolen bokazioa da punta-puntako pedagogia euskaraz eta Euskal Herri osoan nahi duen orori eskaintzea. Ahalegin etengabea egiten dugu pedagogia berriak arakatzen, baliagarri zaizkigunak gurera ekartzen eta horiek garatzeko tresnak eta baliabideak sortzen.
  • Azken batean, euskal herritarrok partekatzen dugun helburu nagusi hori, Euskal Herrirako hezkuntza eredu propioa eraikitzea, errealitate edota formula desberdinetatik abiatuz egin daiteke.
  • Hezkuntza lege berria EAErako izango da, eta, beraz, ez dio Euskal Herriko ikastola guztiei eragingo; Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastolei baino ez. Lege berriari buruz hitz egiten dugunean ohar hori egitea garrantzitsua da.