Lehen Hezkuntza. LORE
AZPEITIKO IKASTOLAN, Haur Hezkuntzako KIMU proiektuari jarraipena emanaz, eta ikastolako irteera profila helburu, Lehen Hezkuntzarako LORE proiektu pedagogiko berria diseinatu dugu.
Gure gazteek, bizitzan aurkituko dituzten erronka desberdinei irtenbide egokiak emateko eta gizarte hobeago bat eraikitzeko ahalmena izan dezaten.
LORE proiektuaren oinarriak
Azpeitiko Ikastolan, pertsona jartzen dugu proiektuaren erdigunean, haur bakoitza bere garapenaren protagonista izan dadin.
Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela eta munduaz ikasteko berezko gaitasuna duela kontutan hartuz, pertsona horri bere bizitzako esparru guztietan bera izaten, bere burua kudeatzen eta nortasuna eratzen lagunduko dion hezkuntza eredua bilatzen dugu. Norbanako bakoitzaren erritmoak eta ezberdintasunak errespetatuz haurren aniztasunari erantzunez.
Haurrak bere garapen pertsonala eta ikaskuntza prozesua eraiki eta bideratu ahal izateko, helduaren laguntza ezinbestekoa du. Heldua baita, garapen-testuinguru aberatsa eta segurua eskainiz eta baldintza egokiak sortu eta erronka ezberdinak proposatuz, haurrari bere garapen prozesuan aurrera egiten lagunduko dion pertsona.
LORE proiektuaren ardatzak
1.-EGITURA PEDAGOGIKO DESBERDINAK
Ikaskuntza, pertsonak kanpotik barrurantz eta barrutik kanporantz egiten duen prozesua da. Bi norabide hauek kontuan izanik hiru egitura pedagogiko jorratzen ditugu ikastolan.
-
IKASTE GIDATUA
Azalpenetan, tailerretan… oinarritutako irakaskuntza da. Kanpotik barruranzko prozesua bideratzen du. Heldu edo haur-gazte batek, aditu moduan, hainbat trebezia edo gaitasun partekatzen ditu besteekin. Besteek ezagutzen ez duten zerbait erakusten die, ikasketa honek, modu autonomoan, gaian sakontzeko gogoa piztu dezan eta ondoren beren erronkak gauzatzerako garaian erabili ahal izateko.
- IKASKIDETZAN OINARRITUTAKO IKASTE AKTIBOA
Ikas-irakaskuntza prozesua modu egokian eman dadin garrantzitsua da motibazioa sustatzea eta horretarako ikaskuntza aktiboan oinarritzen gara. Arazo egoera, interesetatik nahiz testuinguru errealekin lotutako gaietatik abiatuta, erronka suposatzen duten proiektu propioak lantzen ditugu. Proiektu horiek talde kooperatiboetan bideratzen ditugu ikaskidetza bultzatuz: helburu komun bat identifikatuz, elkar menpekotasun positiboa landuz, bakarkako konpromisoa hartuz eta aurrez aurreko komunikazioa bultzatuz.
- IKASTE ESPERIENTZIALA
Zirkulazio Autonomoaren bitartez, haurrei esperimentazioaren bidez ikasteko aukera ematen diegu. Horretarako espazioa mikro espazioetan antolatzen dugu eta material desberdinak manipulatuz, arlo guztietako proposamenei erantzuna ematen diote. Proposamen hauek haur bakoitzaren erritmora egokituak izaten dira eta aniztasunari erantzuteko mailakatutako aukera anitzak eskaintzen dituzte.
2.- ADIN EZBERDINETAKO HAURREN INTERAKZIOA
Haurrek imitazioz eta elkarrekin izaten dituzten interakzioetan ikasten dute. Hori horrela, taldekatze mota ezberdinak bultzatzen ditugu. Gelaka, mailaka eta adin ezberdinetako haurrak elkarrekin egoteko aukera ezinbesteko oinarria da gure proiektuan.
3.- ESPAZIO ETA DENBORA EGOKITUAK
Barruko nahiz kanpoko espazioa pedagogiaren zerbitzura dago. Eremu hauek hiru ikaste motak eta era askotako taldekatzeak (bakarka, taldeka, adin nahasteak eta abar) ahalbideratzeaz gain, ikasleen autonomia indartzen laguntzen dute. Denboraren banaketak garrantzia handia hartu du gure egunerokotasunean. Hasteko haurraren eta gaztetxoaren erritmo biologikoa errespetatzen dugu. Gainera, harrerari eta ikaste mota guztiei denbora eskaintzen diogu. Honekin batera taldekatze mota anitzak ahalbideratzen ditugu, adin guztietako interakzioa bultzatuz.
4.- EBALUAZIO HEZIGARRIA
Garapen pertsonal eta ikaskuntza‐prozesu osoaren berri ematea du helburu ebaluazioak. Ikaslearen emaitzaren ebaluazioak hezitzailea izan behar du. Honek ikasleari bere ikaskuntza prozesuarengan kontzientzia izaten eta auto-erregulatzen laguntzen baitio.
Erabaki egokiak hartzeko, prozesuan hautematen ditugun indarguneak nahiz ahulguneak unean uneko premietara egokitzen ditugu.