Hizkuntza proiektua
Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dituen eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Egitasmo integrala da, eta Ikastolaren eremu guztietan — ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan—eragiten du.
Ikastolen Hizkuntza Proiektuaren helburua euskaran eta euskalduntasunean ardazten den eleaniztasuna garatzea da.
Ikastolak formazio euskalduna eman nahi die ikasleei, euskara ongi menderatuz, eta euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta indartzearekin konpromisoa hartuz. Gauzak horrela, Ikastolak euskal hiztunak hezi nahi ditu, etengabe eraginez euskararekiko motibazioan eta harekiko jarrera baikorrean.
Ikastolak, Hezkuntzaren eta Hizkuntz Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz. Hots, bertako hizkuntza propioaz eta ukipen-hizkuntzez gain (gaztelania eta frantsesa), nazioarteko harremanetan nagusi den hizkuntza maila onean erabiltzea lortu nahi du; era berean, Estatuko beste hizkuntza ofizialean komunikatzeko oinarrizko maila garatzea du helburu.
Halaber, Ikastolak euskaraz gauzatu nahi du bere hezkuntza komunitatearen barne-bizitza; euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, garapena eta zabalkundea ziurtatu nahi ditu mota guztietako harremanetan eta horretarako sortutako bitartekoetan.
Euskararen indarberritzeari dagokionez, Ikastolak euskararen normalizazio-prozesuan eragile izan nahi du txertatuta dagoen komunitatean. Hartara, bestelako gizarte eragileekin zein askotariko instituzioekin lankidetzan jarduteko borondatea du.
Hausnarketa eta plan estrategikoa – Hizkuntz proiektua
EUSKARAZ BIZI
Euskararen erabilera bermatu eta kalitatea hobetzeko asmoarekin, Ikasturtean zehar 3 proiektu garatuko dira, EUSKARA ARDATZ HARTUTA ETA IKASTOLAKO PARTAIDE GUZTIAK BILDUKO DITUZTENAK.