Eneko Martija eskola kiroleko koordinatzailea
Eskola kiroleko koordinatzaile berria dugu Eneko Martija Arocena, eta hona hemen eskola kirolaren inguruan egindako elkarrizketa.
Aurkeztu zure burua, Eneko.
Kaixo, ni Eneko Martija Arocena naiz, 23 urteko azpeitiarra eta txikitatik Ikastolan hezi naizen ikasle ohia. Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak gradua amaitu berri dut Lehen Hezkuntzarekin batera, hau da, gradu bikoitza egin dut. Azken bost urteetan eskola kirolean hezitzaile moduan aritu naiz Ikastolan bertan, eta urte honetan, orain arte Alaitz Badiolak izan duen eskola kiroleko koordinatzaile ardura hartu berri dut.
Nola definituko zenuke eskola kirola?
Eskola kirola, hitzek dioten moduan, ikastetxean zehar egiten den kirolarekin lotuta jardunaldi bat da, eta, horrek, bere baitan hartzen ditu gaur egun gizartean ezinbestekoak diren zenbait balore, hala nola parte-hartzea, beste pertsonekin harremanak lantzea, kulturartekotasuna… eta, nola ez, kirola ezberdinak probatzeko aukera. Aukera ederra sortzen du gizartean ditugun hainbat kirol ezagutzeko, probatzeko eta jostatzeko, eta, hortik abiatuta, etorkizunerako kirol batean edo gehiagotan zentratzeko aukeraketa erraztu dezake.
Zer onura ekar diezaioke haurrari?
Niretzat eskola kirola oso garrantzitsua da gelako eta herriko beste haurrekin harremanak lantzeko edo sozializatzeko beste modu bat sortzen duelako, hau da, jende berria ezagutzeko beste metodo aktibo bat, aurretik aipatutako baloreekin. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar hori guztia jarduera fisikoa egiten ari diren bitartean egiten dutela. Kirolaren alderdi ezberdinak probatzen dituzte, herrian indarra hartzen ari diren kirolak egiten dituzte (esku pilota, skate, atletismoa…), eta, behin etapa hau amaitzen dutenean, haurrek argiago izango dute etorkizunean zein kiroletan oinarritu nahi duten.
Beharrezkoa ikusten duzu, beraz, txikitatik kirol ezberdinak probatzea, ez da?
Bai, nik uste oso beharrezkoa dela. Izan ere, kirol bakoitzak bere alderdi psikomotor ezberdinak ditu, hau da, futbolak eman dezakeen gauza bat esku pilotak ezin du eman, edota alderantziz. Beraz, txikitatik kirol horiek guztiak probatzeak eta horietan parte sentitzeak balore eta oinarri ezberdinak helaraziko dizkio haurrari.
Amaitzeko, eskola kirolak izan duen eboluzioa ikusita, zerbait aldatuko zenuke?
Azken urteetan aldaketa nabaria izan du; nire garaian saskibaloia eta futbola bakarrik praktikatzen genituen, orain, berriz, Urola bailaran praktikatzen diren dozena bat kirol probatzeko aukera dago. Horrekin batera, larunbatetan herriko zenbait kirol talderekin elkarlanean ekintzak antolatzea ere lortu da, eta hori polita da. Urteek aurrera egin ahala, haurren parte-hartzea igo egin dela esan genezake, garrantzia hartu du ekimenak herrian, eta nik uste harro egoteko moduan gaudela. Etorkizunera begira lanean jarraitu behar dugula argi dugu, azken urteetan proposatu ditugun ekintza berriek oso erantzun ona jaso baitute; beraz, bide horretatik, kooperazioa eskatzen duten proposamen berriak aurkitzen saiatuko gara.