Ikastolon balorazioa alderdien ekarpen-emendakinen inguruan

2023-10-19

Bi urte dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osoa arautuko duen lege berri bat lantzen hasi zela Hezkuntza Saila. Legearen lanketa honetan, Ikastolen Elkarteak parte-hartze aktiboa izan du, uste dugulako halako erronka bati arduraz erantzun behar zaiola. Aurreproiektuen inguruko irakurketa kritiko eta eraikitzaileak egin ditugu, ekarpenak proposatu ditugu, agerraldietan parte hartu dugu, batzarrak egin ditugu, ikastoletan legearen inguruko lanketa eta eztabaidak ere egin ditugu… Eztabaida eta hausnarketa prozesu gorabeheratsua izan da orain artekoa, baina aukera baten moduan irudikatu dugu beti.

Legearen eztabaida azken fasean sartuta dago eta ezagutu ditugu alderdi politikoek erregistratu dituzten ekarpenak.  Eta beste behin, Ikastolok, gure balorazioa egiteko asmoa dugu. Balorazio hori atxikita aurkituko duzue buletin honetan eta bertan irakurri ahal izango duzuen moduan, gure helburuak ardatz ditugula, alderdien ekarpen-emendakinak lau ardatzetatik baloratu ditugu, ikastolentzako Lege honetan lau eztabaida nagusi baitaude:

1.- Euskara, euskal kultura eta euskal curriculuma.

2.- Gobernantza eredua: publiko-pribatua dikotomia eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizioa.

3.- Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikak.

4.- Segregazioaren aurkako politika eta doakotasunerako politikak.

Lege hau hobeto ulertu eta gure posizionamendua zein den azaltzen lagunduko dizuelakoan,

Jaso agur bero bat,

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza eta Zuzendaritza

PRENTSA OHARRA