Gogotsu eta ilusioz hartu dugu 2024ko kilometroen lekukoa
2023-11-19Azpeitian ospatuko diren laugarren Kilometroak izango dira datorren urtekoak. 79an egin ziren aurrenak; 2000. urtean bigarrenak, ‘Hau da’ leloarekin; eta 2011n hirugarrenak, ‘Klik” lemapean. Hauek laugarrenak izango dira. Esperientzia badugu, baina kilometro guztiak desberdinak dira, garai denak diferenteak direlako.
Aurtengo kilometroak oraingo garaian kokatzeko, lanean hasiak gara, izpi batzuk ikusten hasi gara egin nahi dugunaren eta lortu nahi dugunaren inguruan. Hainbat helburu txikiagoren artean hiru helburu handi eta zehatz jarriak dizkiogu gure buruari, ikastolen izateko arrazoia eta gizartearen egungo erronkak kontuan hartuta:
- Euskara.
- Kulturartekotasuna
- Herrigintza
Hasiak gara dagoeneko saretuta zegoen Azpeitiko ikastolako komunitatea zirikatzen eta aktibatzen. Hura sendotuz eta indartuz, eta Azpeitiko herri ekimenekin elkarlanean, lortuko dugu Gipuzkoako ikastolen jaia festa ahaztezin bihurtzea. Ea lortzen dugun metroz metro egin beharko dugun bide hori guztia, lortu nahi dugun gizartearen ispilu bilakatzea!