Lander Uria: Ni, zu bezala!
Gaurko honetan ikastolako langile eta ikasle ohia den Lander Uriarekin elkarrizketzeko aukera izan dugu. Jada ia urtebete darama gure artean. Ikastolako guztiok bera lanean egunero ikusi arren, oso gutxi genekien Landerretaz pertsona bezala. Ni Zu Bezala programak, ordea, aukera eman digu Landerren zaletasunak, ohiturak eta gaitasunak ezagutzeko.
Txori txiki batek esan didanez, ikastolako ikasle ohia omen zara. Zer oroitzapen dituzu urte haietaz?
Oso gustora etortzen nintzen ikastolara. Lagun asko egin nituen eta jolas ugari egiten genuen. Gustokoen nuen irakasgaia Heziketa Fisikoa zen, a ze garaiak haiek!
Zein zen zure txikitako ametsa?
Nire txikitako ametsa pailazo profesionala izatea zen. Pirritx eta Porrotx ziren nire pailazo gustokoenak, eta haiek bezalakoa izatea zen nire amets handiena.
Zer egin zenuen ikastolatik irten ondoren?
Gureak-i esker formakuntza ikastaroak egiteko aukera izan nuen. Leku desberdinetan egin nituen ikastaroak, bereziki Donostian.
Nola izan zen itzulera ikastolara?
Aurreko urteko udaberrian Gureak eta ikastola kontaktuan jarri eta hemen lanean hasteko aukera eman zidaten. Uste baino gauza gehiagotan lagundu ahal dudala konturatu naiz gainera. Nagusiki administraritzan egoten naiz Estiri laguntzen, baina horrez gain Txiki Txokon txikienei bazkaltzeko orduan ere laguntzen diet eta beti nago materialak antolatzen, irakasleek eta ikasleek behar duten guztia izan dezaten behar dutenean.
Ikastolaz kanpo, zer dira gehien gustuko dituzun aisaldi ekintzak?
Gauza asko ditut gustoko, baina nagusiki kirola eta musika dira. Musikan trikitixa jotzen dut eta kirolei dagokionez asko joaten naiz igerilekura eta, ahal dudanean, paddle surf egitera joaten naiz Hondarribira.
Aste honetan LH 6. mailako ikasleekin solasaldiak izan dituzu. Zer nolako esperientzia iruditu zaizu?
Oso gustora egon naiz beraiekin, oso jatorrak direlako nirekin. Nik beraietaz asko ikasi dut eta, uste dut, beraiek ere ulertu dutela nik, beraiek, bezala, familiarekin eta aisialdiaz gozatzeaz gain, inguruan beraien moduko jende jatorra behar dudala, zailtasunak zailtasun elkarri lagunduz aurrera egiteko.
Zein da zure ametsa?
Mundu hau aldatzea nahiko nuke, mundu osoko jendea aldatzeko.
Bukatzeko, zure bizitza pelikula bat balitz, zer izen edukiko luke?
Beste mundu bat sortzen!!