Tuteratik Azpeitirako bidean, izpiak zabalduz!

2024-02-02

Otsailaren 1ean aurkeztu zuen @lagunonakmb elkarteak formalki 2024ko etapazko ibilaldia, Tuteratik abiatu eta, Euskal Herria aldez alde zeharkatu ostean, Azpeitian amaituko dena.

Aurkeztu du Lagun Onak MBk bere 2024ko etapazko ibilaldia, Kilometroak-en baitan eta beste hainbat eragilerekin elkarlanean egingo dena: Tuteratik abiatu, Euskal Herria aldez alde zeharkatu eta, etxean, Azpeitian amaitu. Horixe izango da 2024 urtean Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak egingo duen helduentzako etapazko ekimena. Ibilbideak 250 kilometro ditu guztira, eta 6.000 metroko desnibel metatua, eta mendizaleek 9 etapetan egingo dutela aurreikusten da. Lehenengo etapa otsailaren 17an egingo da, eta azkenekoa urriaren 19an, festa egun batekin borobilduko litzatekeena.

Mendizaletasunaren eskutik, eta Kilometroak ekimenaren baitan, Euskal Herrian zehar euskarak bizi dituen egoera desberdinak ezagutzeko parada emango du ekimenak. EAE ez bezala, Nafarroa hiru eremutan banatuta dago hizkuntzaren ikuspegitik. Ibilaldiak Nafarroa guztia zeharkatuko duenez, zonalde ez euskaldun, zonalde misto eta zonalde euskaldunetako herritar eta herri ekimen desberdinen bizipenak ezagutu ahal izango dira: Errigora eta Union Tuteraren adibideak, zonalde ezberdinetako ikastolen ibilbideak… Ahalik eta Beasaindik barrena, Azpeitian amaitu arte: euskararen arnasgune izendaturiko herria. Urrun dagoena hurbilduz, Euskal Herriaren altxor nagusiaren ezagutzan sakonduz eraikiko da beraz Azpeitia eta Tutera arteko zubia.

Tutera-Azpeitiak azken urteetan Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko ekimenen antzeko planteamendua dauka. Hau da, Azpeitia-Hazparren, Azpeitia-Bilbo kostatik, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Azpeitia-Iruñea eta Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia ekimenen antzeko formatuan osatuko da egitasmoa baina, lehen aldiz, Azpeitian egongo da helmuga, eta ez abiapuntua. Ekimena mendizale, ibiltari edo naturazaleei orokorrean zuzendua dago, eta egon daitekeen erronkarik handienetakoa zein politenetakoa izan daiteke: Euskal Herriko mapako urruneneko puntuetako batetik abiatu, eta handik etxerako bidea egin.

Aurreikusten den egutegia honakoa izango da:

  1. Otsailak 17, Tutera – Milagro 32 km
  2. Martxoak 16, Milagro – Faltzes 22 km
  3. Apirilak 13, Faltzes – Lerin 23 km
  4. Maiatzak 11, Lerin – Iratxeko Monasterioa 30 km
  5. Ekainak 22, Iratxeko Monasterioa – Pilatosen balkoia 27 km
  6. Ekainak 23, Pilatosen balkoia – Lizarragako mendatea 30 km
  7. Uztailak 6, Lizarragako mendatea – Etxarri Aranatz 27 km
  8. Irailak 14, Etxarri-Aranatz – Beasain 30 km
  9. Urriak 19, Beasain – Azpeitia 27 km