Ikasle ohiak Inauteritan: Ikastolarekin sentitzen dugun lotura berezia da
Urtero bezala Euskal Inauterien jaialdia ospatu berri dugu. Ekitaldi honek, gainera, euskal kulturarekin ez ezik ikastolako ikasle ohiekin ere harremanetan jarraitzeko aukera paregabea eskaintze digu. Horrela, urtero ikastolan beraien ibilbidea amaitu zuten hainbat ikaslek jaialdi honetan parte hartzen jarraitzen dute. Gaurko honetan, beraietako hiru (Enara Arrizabalaga, June Zubiaurre eta June Alberdi) elkarrizketatzeko aukera izan dugu.
- Nola sortu zen Inauteriko jaialdiko kalejiran parte hartzen jarraitzeko ideia?
Berez, DBH 2. mailararte da derrigorrezkoa jaialdiko dantzetan parte hartzea. Hala ere, gure kasuan, bai DBH 3. eta 4. mailan bai Batxilergoan, ikastolan jarraitzen genuen heinean, Xanet Esnaolari parte hartzen jarraitzeko eskatu genion. Kontua da, behin unibertsitatean egonda, ikastolarekin genuen lotura hori galtzeak izugarrizko pena ematen zigula. Guretzat Inauteriei hasiera emateko modurik onena izaten zen. Hori horrela, Enarak Xaneti komentatu zion ea posible litzatekeen parte hartzen jarraitzea jailadiko fanfarrean. Esan beharra daukagu hasieratik ikastolaren aldetik ate guztiak ireki zizkigutela gure desioa betetzeko eta oso eskertuak gaude zentzu horretan. Jada hiruzpalau urte daramatzagu irtetzen.
- Zuen egoera berdinean dauden zenbat ikaslek jarraitzen duzue irtetzen Inauteritako jaialdian?
Guztira hamabost bat lagun dira jada Ikastolan bere ikasketak amaitu arren fanfarrean parte hartzen jarraitzen dutenak. Ez da nolanahiko kopurua. Gainera, DBH eta Batxilergoko ikasleak ere irtetzen dira, derrigorrezkoa izan gabe. Uste dugu asko baloratu beharreko zerbait dela, eta guk ikastolarekin dugun lotura berezia frogatzen duela. Gure kasuan, behintzat, lehen egunean bezain beste gozatzen dugu.
- Orokorrean, beraz, ikasle ohien lotura nolakoa dela esango zenukete ikastolarekin?
Lotura oso sendoa da eta beti sentitzen dugu ikastola gure bizitzako parte garrantzitsua dela. Adibidez, aurten Kilometroen urtea dela-eta gure inguruan ikasle ohi asko ezagutzen ditugu irrikitan daudenak ahal duten neurrian laguntzeko prest daudenak.
Gure kasuan garbi daukagu ikastola herritik sortutako mugimendua dela eta guri, behintzat, hori transmititu digute etxetik.
- Zerk egiten du hain berezia ikastolan ikasi izanak?
Gure ustez herriko beste ikastetxe batzuekin konparatuta hemen, ikastolan, 0 urtetik 18 urterarte eraikin berdinean eta talde berarekin ikasteak lotura oso sendoak sortzen ditu gelakideen artean. Gainera, herrira begira egiten diren ekitaldiek ere ikastolaren herri izaera baieztatzen dute eta guretzat errazagoa da lotura mantentzea. Ikastolara bisitan itzultzen garen bakoitzean etxera itzultzea moduan da.
- Uste duzue ikastolak egiten duela bere aldetik ahal duen guztia zuekin lotura mantentzeko?
Bai, ikastola beti saiatzen da ikasleekin duen harremanari jarraipena ematen. Ateak beti zabalik aurkitzen ditugu eta ikastolako ekintzetan parte hartzeko erraztasun guztiak eskaintzen dizkigute. Gainera, lehen esan bezala, etxetik ere beti jaso izan dugu ikastolarekin lotura ez dela hautsi behar.
- Kilometroen urtea izanik, zergatik uste duzue garrantzitsua dela, berriro, laugarren aldiz, herrian ospatzea?
Garai batean diru beharra zen Kilometroak ospatzearen arrazoi nagusia. Gaur egun, aldiz, ikastolaren mezua eta eredua zabaltzea eta indartzea dira helburu nagusiak gure ustez. Bestalde, denok batuta zerbait egiteko aukera paregabea da, talde lanaren beharra aldarrikatzeko parada ere ematen duena.
Gainera, ikastolak Euskal Herriko zazpi probintzietan zabalduta daude eta, guk behintzat, oso garbi daukagu Zuberoan (Beskoitzen gertatzen ari dena begiratu besterik ez dago) edo Nafarroan askoz zailagoa dela euskaraz ikastea eta ikastolak martxan mantentzea. Horregatik, Azpeitiko kasuan bezala ikastolak hainbesteko indarra izateak eta ereduak hain ongi funtzionatzeak Iparraldeko edo Nafarroako ikastolei laguntza ekonomikoa eskaintzeko aukera ematen du. Azken finean, zazpi lurraldetan ikastolek bizirauteko egitasmo oso garrantzitsua dira. Gainera, Azpeitian euskaraz bizitzeko eginiko hautua eredu ere izan daiteke beste herri askorentzat.