Burdin Haranean, iraganera bidaia!

2024-03-01

LH 6. mailako ikasleek Lenbur Fundazioaren eskutik Legazpin Burdin Harana bisitatu dute. Garai bateko euskal bizimoduak ezagutzeko parada ahaztezina izan da.

Behin han, lehenbizi Mirandaolako XVI. mendeko burdinola bisitatu dute, garai hartan moduan jantzita dauden olagizonen laguntzarekin. A ze nolako bizipena hauspoak eta mailua burdina astintzen hasi direnean! Jarraian, museoa ere bisitatu dute, eta bertan burdinak Euskal Herriko historian izandako garrantziaz jabetu dira.

Azkenik, 1950. hamarkadako ikasgelara abiatu dira. Harriduraz begiratu dituzte ikasleek garai hartako arbel-ziriak, ikasmahaiak eta entziklopediak. Zuri-beltzezko filmako protagonista sentitu dira, eta beraien ikastolako guneak nahiago dituztela ziurtatu digute aho batez.

Garbi dago iragana ezagutzea beharrezkoa dela gaur egungo gizartea eta egitekoak ulertzeko, baita ere gizartearen bilakaera positiboaz jabetzeko ere.