Konpromezuaren eta sormenaren erakusleihoak!

2024-05-08

DBH 2. mailako ikasleak Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak bultzatutako egitasmoan parte hartu dute hirugarren urtez, herriko hainbat saltokitako erakusleihoak apainduz.

DBH 2. mailako ikasleak Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak bultzatutako egitasmoan parte hartu dute hirugarren urtez. Helburua etorkizuneko kontsumitzaileak tokiko kontsumoaren inguruan sentsibilizatzea da, eta, gainera, ikasleen eta herriko dendarien arteko harremana bultzatzeko aukera paregabea sortu du ekimenak.

Lan prozesuan, ikasleak saltokiarekin harremanetan jarri eta apaindu beharreko erakusleihoaren ezaugarriak ezagutu ostean, lehendabiziko bozeto bat prestatu zuten. Jarraian, dendariaren adostasunarekin, dekorazio-elementuak garatu dituzte ikastetxeko ikasgai orduetan eta, azkenik, aste honetan zehar erakusleihoetan kokatu dituzte.

Prozesuaren ardatz izan dira materialen berrerabileran sustapena, herriko arlo ekonomikoa zaintzearen inguruko hausnarketa  eta ikasleen ekimena zein irudimena.

Mila esker proiektua gauzatzea posible egin duten saltoki guztiei.

Ikasle arduratsu eta irudimentsuak hezten ikastolan!