Bertso Izpiak, Kilometroak egunaren iragarle

2024-05-18

Bertso doinuan eta txalo zaparrada betean amaitu da Kilometroak jaiaren testuinguruan antolatu den Bertso Izpiak ekitaldia.

Soreasu antzokian, atzo arratsaldeko 7etarako jarrita zegoen hitzorduari erantzun bikaina eman diote eskualdeko bertsozaleek. Adin ezberdinetako ikus-entzuleak: Erniarratz bertso-eskolako gaztetxo eta jarraitzaileak, guraso zein lagun taldeak. Ikus-entzuleak gogotsu entzun dituzte Haritz Etxeberria “Ministro”k gidatu dituen sei bertsolarien bertso izpiak: Andoni Egaña, Amets Arzalluz, Jone Uria, Eneritz Artetxe, Naia Arrizabalaga eta Jokin Uranga.

Bertso saioan jorratu diren gaien artean, leku berezia hartu dute aurtengo Kilometroak jaiak eta bere ardatzetako bat den euskarak. Euskal Herriko Ikastolen Elkartea etorkizuneko ikastolaren gainean egiten ari den hausnarketari ekarpena eginez hasi dira bertsolariak.

Nolako ikastola nahiko luketen kantatuz ekin diote saioari. Kilometroak jai handiaren egunean ere jarri dira behin baino gehiagotan. Ekitaldi ofizialean kantatzeko eskatu zaion bertsolariaren tokian, txosna ondoan elkar ezagutzen ari diren ezezagunen lekuan edo jaiaren ondorengo astelehenean kale garbitzen ari diren udal langileen arteko elkarrizketan.

Saioaren unerik samurrena Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen parte hartzearekin batera etorri da. Lehen Hezkuntzako bost eta seigarren mailako ikasleek ikasgelan landu dituzten puntuei erantzutea egokitu baitzaie bertsolariei.

Arin eta bizi iritsi da bertso-saioaren amaiera. Bertsotan hizkiz hizki lotu dira ideia, gogo eta arrazoiak. Eta Arrizabalagak borobildu du bertako ikus-entzuleen desio partekatua: “luze jarrai dezala argi izpi bakoitzak egindako itzalak”. Gero eta hurbilago sumatzen den Kilometroak egunaren berotze ariketa gozagarria izan da.

Hurrengo hitzordua, ekainaren 14rako jarrita dago. Azpeitiko Ikastola kasberrin ospatuko den ikastolako festan aurkeztuko dira Kilometroak 2024ko jaiaren abestia eta bideo klipa.

Izpiz izpi, hizkiz hizki, aurrera goaz!