2024-06-13

Manex Beristain: Ikastolak bizitzarako hezi nahi baditu ikasleak, heriotzak ere lekua izan behar du ikasgeletan

Ikasturte honetan zehar Manex Beristain gure artean izan dugu berak heriotzarekin izandako esperientzatik abiatuta idatzitako ipuina aurkezten eta heriotzaren inguruko tailerrak eskaintzen. Aitzindari izan da ikastola mota honetako dinamikak eskaintzen, Antzuolako ikastetxearekin batera. Oraingo honetan, Manexekindoluaren gaia lantzeak hezkuntza sisteman eta ikasleengan duen eraginari buruz  hitz egiteko aukera izan dugu.

  • Doluaren gaiaren lanketak zer oinarri pedagogiko ditu? Zer aurrekari daude hezkuntza arloan?

Orain arte hezkuntzan landu ez den gaia izan da, eta izatekotan zoriz landu izan da. Horrela, irakasle bakoitzak gai honekiko zuen sentsibilitatearen baitan egon da gai hau geletan jorratzearen erabakia, baina ez modu sistematiko batean egin. Historikoki hezkuntzan, beraz, ez da landu izan den gaia eta soilik protokoloak egon dira gela batean heriotza edo gaixotasun larrien kasuak egon direnean . Denborarekin agerian gelditu da protokolo horiek ez direla eraginkorrak izan nahiz eta iparorratz gisa erabili ditugun. Azken finean, gai tabua izan da eta izaten jarraitzen du heriotzarena orain arte hezkuntzan. Azken finean, momentu puntualetan soilik landu izan da gaia geletan, gertaera lazgarriak zeudenean soilik.

Haur Hezkuntzan heriotzaren gaia lantzen denean haurrak oraindik ez dira konsziente galera hori atzera bueltarik gabekoa dela. Lehen Hezkuntzan, aldiz, galerak konszienteagoak dira eta minak handiagoak, arrazionaltasun handiagoa dutelako eta konturatzen direlako atzeraezina eta unibertsala dela, hau da, edozeini gerta dakigula. Hezkuntza etapa horrek beraz aukera ona eskaintzen digu gaia jorratzen hasteko ikasleekin baina askotan ez gaude prest, nahiz eta ikastolatik erantzuna eman nahi izan gelako kideren bati eragiten dion heriotza kasua gertatzean.

  • Zuk ikuspegi berritzailea jarri duzu mahai gainean gai hau lantzeko. Zer ikuspegitatik abiatzen da?

Konpromisoa dago oinarrian. Ikaslea bizitzarako hezi nahi badugu heriotzak presentzia izan behar du geletan, bizitzaren parte delako. Beraz, lehen pausoa heriotzak ikastolako dinamiketan presentzia izatea erabakitzea. Hori da lehen erabaki garrantzitsua, bizitzaren pedagogiaren barruan heriotzaren pedagogia txertatzea hain zuzen ere. Erabakia hartu ostean proiektuari forma ematen hasi behar zaio. Hor garrantzitsua da jakitea heriotzaren gaia geletan jorratzeak irakasle bakoitzari sortzen dizkion sentimenduak identifikatzea, eta normalean beldurra eta egonezinak azaleratzen dira. Beldur horiek heriotzarekiko egin dugun ideiaren ondorio dira, eta oinarrian estutasunetik ihes egiteko nahia dago. Beldurra diogu heriotzarekiko egin dugun ideiari (dena galduko dugu, desagertuko naiz…).

Ideia horietatik abiatuz hurrengo pausoa zer egin erabakitzea da: ikasleekin tailerrak, ikasleekin soilik, gurasoei lekua egin, urteroko dinamikak garatu… Haur Hezkuntzan, adibidez, heriotzak sortzen duen hutsune sentsasioari aurre egiteko erritualak egin daitezke (gure baratzako barraskiloari lur eman, kutsu erlijiosorik gabe noski). Beste aukera egokia, adibidez, ikastolako eguneroko bizitzan guretzat garrantzia duten kideei agurrak antolatzea izan daiteke: Haur Hezkuntzako etapa amaitu eta Lehen Hezkuntzara doazen ikasleei agurra egitea edo ikastolatik alde egiten duten irakasleei ere agur esatea. Beraz, heriotzaren gaia ez da heriotza fisikoa soilik, agur esaten ikastea edo gure bizitzako etapa ezberdinak izten ikastea ere garrantzitsua da.

Beste kontua da dolu prozesuan dagoen haurra nola jaso da. Kasu horietan garrantzitsua da egoeraz jabetu eta galdetzea zer behar dituen ikasleak, zer behar dut nik irakasle bezala ikasle horrek dituen beharrak asetzeko. Beste proposamenak Lehen Hezkuntzan heriotzaren txokoa sortzea izan daiteke. DBHen heriotza oso present dago, adibidez, historiako edo biologiako eduki askotan. Galdera da, konektatzen dugu heriotzak zer suposatzen duen sentimenduarekin? Galdera horri erantzuna emateak ez du esan nahi denbora guztian gai horretaz hitz egiten egon behar dugunik geletan, baina begirada konszientea bai dela beharrezkoa.

  • Beraz, zer balio erantsi eskaintzen dio heriotzaren gaia lantzeak ikasleen heziketa prozesuari?

Jakinda heriotza bizitzako errealitatea dela, gai hori lantzeak ikaslearentzat mingarriak izan daitezkeen beste egoeren aurrean (etxean banaketa egotea, lagun minekin izan ditzaketen haserreak…) irakasle edo helduekin beraien penak kontatu eta korapiloak askatzeko aukera izateak ikasleari “tresnak” ematen dizkio egoera larriagoak emozionalki nola kudeatu ikasteko. Horrela, bakoitzaren barruko minak edo egonezinak askatzeko espazioak sortzea ikastolan tresna oso boteretsua eta erabilgarria da, beraien garapen pertsonalean oso lagungarria izan daitekeena.

  • Zu pertsonalki nola barneratu zinen gai honetan?

Guztion kasuan gertatuko den moduan, nere bizitzan ere heriotza oso present egon da (nere amona eta osabaren heriotza). Oraindik gogoan dut nola egin nizkien idatziak beraietaz agurtzeko. Konturatu gabe ekintza txiki horiekin lehen pausoak eman nituen. Nere bikotearen heriotza izan zen doluaren lanketa egitera behartu nintuena. Gainera, nere semeak, Ekainek ia hiru urte zituen bere ama hiltzean eta lau edo bost urte zituenean galderak egiten hasi zitzaidan gai horri buruz. Liburua idaztera animatu nintuen semearen galdera hau izan zen: Zer gertatzen da amarekin ahazten banaiz? Horrek bultzatu ninduen Azken galdera amari ipuina idaztera eta terapia eraginkorra izan zen neretzat, liburua idazteari denbora asko eskaintzea maitasunetik eta, beranduago, liburuaren aurkezpenen bidez besteekin nere esperientzia partekatzea.

  • Ikastolan jada martxan jarri dituzu heriotzaren inguruko tailerrak. Nola baloratuko zenuke esperientzia? Zer erantzun izan dute ikasleek?

Ikasleak gogotsu ikusi nituen baina kezkarekin aldi berean. Gainera, ikasle batzuk behar handiak zituztela nabaritu nuen. Esperientzia oso aberasgarria izan da eta ikasleak oso ausartak izan direla ere nabarmendu nahiko nuke. Gainera, tailerren dinamikak ere harritu egin ditu ikasleak, ez zuten espero formatua. Horrela, espazioa hiru zatitan banatzen dut: testigantzak elkarbanatzeko espazioa, erritualen txokoa eta jolasen txokoa. Erritualen txokoan maite dituzten eta beraien ondoan ez dauden pertsonei mezuak idazteko aukera dute ikasleek, nahi dutenean altxatuz zerbait sentitzean, eta horrek distantzia sortzen die. Jolasen txokoan sentimenduek fisikoki sortarazten dizkiguten erreakzioak ulertzea eta barneratzea da helburua. Azken txoko honetan ikasle asko txundituta gelditu ziren sentimendu horiek fisikoki askatzeak sortzen zizkien sentsazioarekin. Hitzaldi soil gisa planteatu izan banitu tailerrak ez zen hain eraginkorra izango. Tailer hauetan ikasleak seguru sentitzen diren espazioak sortzea lortu dugu, beraien pentsamendu intimoak libreki adierazi eta partekatzeko aukera eskainiz. Guzti honek tresna emozional boteretsuak garatzeko aukera eskaini diela uste dut ikasleei, beraien buruarengan konfiantza indartzeko ere balio izan duelarik. Kontua pixkanaka ereitea da, etorkizunean fruituak izateko.

Tailer hauen bidez bizitza bere osotasunean bizitzera gonbidatu nahi ditugu ikasleak, beraien maitasun sentimenduak adierazteko ere aske sentitzea, adibidez, maite dituztenei besarkadak ematera hori sentitzen duten momentutan.