Kilometroen abestiaren eta bideokliparen aurkezpen ekitaldia

2024-06-14

Kilometroen urteko beste mugarri garrantzitsu bat iritsi da. Hain zuzen ere, gaur aurkeztu dira Kilometroen abestia eta bideoklipa. Osorik ikusteko esteka hemen.

2024ko Kilometroen kantaren aurkezpena egin da ostiral honetan Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, bai eta doinu eta irudiak biltzen dituen bideoklipa ere. 

Aurtengo Kilometroen urtearen nahiz urriaren 6ko jaiaren antolaketan bide eta helburu diren hiru ardatzak bildu nahi izan dituzte abestiaren hitzetan eta irudietan. Euskara, aniztasuna eta herrigintza dira hiru ardatz horiek. 

2024ko jaiaren leloa, ‘Izpiz izpi’, izenburu harturik, Skapaie Elektrotxarangak konposatu du abestia, ska erritmo alai eta dantzagarrian, eta musika ez ezik, taldeko kideek idatzi dituzte hitzak ere. 

Skapaieko kideen hitzetan, “erronka polita izan da guretzat kantu hau egitea, izan ere, kide garen beste talde batzuetan kantuak egiten ditugun arren, Izpiz izpi da Skapaiek talde bezala sortu dugun lehena”.

Herrigintza izanik aurtengo Kilometroetako ardatzetako bat, antolatzaileek hasieratik lehenetsi zuten bideokliparen grabaketa ere bertan egitea. Hala, Kulturaz Kooperatibako kideei proposamena eginda, martxan jarri zen lantaldea.

Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, ohartzerako iristen ari dira 2024ko Kilometroen urtearen erdigunera eta azken txanpara begira jarria dago jada Ikastolen Elkartea ere.  

Perez de Arenazak Azpeitiko Ikastolak lekukoa jaso zuenetik hona egindako bidea txalotu du, “aukeratutako mugarriek bete-betean asmatu dute Kilometroen eta ikastolen jomugekin, Euskaraz, herritik eta herrira auzolanean egindako jarduna zalantza gabe”.

Horren haritik, ziur agertu da: “Gaur aurkeztutako kanta eta bideoklipa bidelagun paregabeak izango dira gelditzen den azken txanpa honetarako indarrak emateko, eta urriaren 6an doinu alai eta dantzagarriekin Ikastola eta herria Izpiz-izpi argituko dira!”.