Amaiera biribila, proiektuak ardatz gisa
2024-06-20Ikasturte osoko dinamikari jarraituz, etapa guztietako ikasleek proiektuetan buru-belarri jardun dute kurtsoko azken bi asteetan ere bai. Lankidetza eta elkarlana ardatz, ikasturteari amaiera borobila emateko aukera eman die. Ikastolatik kanpoko jarduerak ere gauzatu dituzte.
Kurtso amaiera honetan ikasleek azken saiakera egin dute ikasturtean zehar ikasitako guztia praktikan jartzeko.
Haur Hezkuntzan, bizitzaren misterioak ezagutzeko aukera izan dute, eta txitak arrautzetatik atera eta beraien zaintzaz arduratu dira.
LHko ikasleek zirkulazio librean jarraitu dute proiektuetan buru-belarri. Txori mezulariak batetik, harez apainduriko txartelak bestetik. Buztinaren txokoan eskulanetan duten ahalmena frogatu dute, eskuz margoturiko objektuak eraikiz. Antzerkiaz ere gozatu dute besteek, eta abilenek, berriz, kakoz osaturiko eraikinak egin dituzte. Azkenik, batzuek josteko makinan arropa jasangarriak ekoiztu dituzte.
DBH 1. mailako proiektuak, Tetrisa deiturikoa, matematika, teknologia eta euskara ezagutzak uztartu ditu. Lehen Hezkuntzako zirkulazio librerako Tetrisa jokoa baliabide berritzat eskaini nahi izan da. Horretarako, piezak eraiki eta hauek gordetzeko proposamenak sortu dituzte.
DBH 2. mailan “Azpeitia eraldatzen” proiektuaren baitan, Amueko Corrugados eremua zaharberritzeko proposamenak jaso dituzte maketetan, matematikan geometrian eta eskalaren erabileran dituzten ezagutzak agerian utziz. Mota guztietako proposamenak egin dituzte, baina gehienak halere Azpeitiko biztanleria zaharkituari erantzutea izan dute helburu: zahar egoitza, ospitalea…
DBH 3. mailan herriko biztanleek udalerriko saltokietan kontsumitzearen inguruan sentsibilizatzeko kanpaina jarri dute abian, eta horma-irudiak eta bideoak ekoiztu dituzte.
DBH 4. mailakoak berriz, DYA-k lehen sorospenei buruz eskaini dien ikastaroan parte hartu ahal izan dute.
Proiektuez gain, ikasleek ikastolatik kanpo egin dituzten jardueretaz ere gozatu ahal izan dute.
Horrela, LH 3. mailako ikasleek Txaribargainera egin zuten bisita. Bertan, lore baten zatiak ikusi zituzten eta sagarrondoen loraldian, erleek duten garrantziaz jabetu ziren. Hainbat jolas egin ondoren, bertako sagarrekin egindako zukua probatzeko aukera izan zuten.
DBH 1. mailako ikasleek, bestalde, herri kiroletan parte hartu dute Izarraizko pilotalekuan. Azkenik, DBH 3. mailako ikasleek “Elkarrekin eraikitzen” proiektuaren azken ekitaldian parte hartu dute.
Amaiera biribila, beraz, ikasturteari agur esan eta merezitako oporraldiari ongietorria emateko.