Kafe Tertulien hausnarketa: 3. atala

2023-05-26

 

Aurreko asteetako bi atalen ostean, hona hemen BIHAR prozesuan egindako hausnarketaren hirugarren eta azken atala:

 

3. HEZKUNTZA ANTOLAKETA

Hezkuntza komunitatea osatzen dugun kide guztion parte-hartzea eta erabakia errespetatuko duen bermea izango du, erakunde publikoekin batera emango dena.

 

INDARGUNEAK

  • Ikastolek bi ezaugarri garrantzitsu dituzte: autonomia (erabakitzeko gaitasuna dugulako) eta erantzukizuna. Kooperatibaren formula bidez, familia guztien parte-hartzea eta erabaki ahalmena bermatzen dugu, ondorioz, parte hartzeko aukera bakarrik ez, ikastolak gobernatzeko aukera ematen digu. Uste dugu, modu horretara, ez soilik ikastolaren proiektuan, herrian eta eguneroko bizitzan ematen diren egoeratan ere erantzukizunez eta modu parte hartzailean jokatzeko gure aletxoa jartzen dugula.
  • Pedagogiaren kudeaketan ez ezik, ikastetxeen kudeaketan, zuzendaritza taldeen eta lan talde profesionalen garapenean eskarmentua eta ezagutza dugu; horretarako, gakoa lantalde profesional egonkorra izatea da.
  • Oro har, ikastoletan, eta gure kasuan, funtsezkoa da irakasleen hautaketa hezkuntza-proiektuaren garapenerako. Ikastolaren indarguneetako bat erabakitzeko gaitasuna izatea da, tartean irakasleen hautaketa. Hautaketan bi irizpide erabiltzen ditugu: bat, egiteko horri lotutako gutxieneko titulazioa izatea, eta, bi, gure egitasmo pedagogikoa aurrera ateratzeko pertsona egokiak, bokazioa dutenak eta ikastolaren proiektuarekin bat egiten dutenak aukeratzea. Eta prozesuaren gardentasuna bermatzeko, langileen ordezkaritza, zuzendaritza eta artezkaritzako kideez osaturik eratzen da kontratazio batzordea.
  • Hautaketa-prozesuak besteko garrantzia du profesionalen egonkortasunak. Izan ere, garbi dago hezkuntza-proiektuaren arrakastaren gakoetako bat horretan egunero lanean diharduten profesionaltasunen egonkortasuna dela. Hori gabe zaila da hezkuntza-proiektu koherente, berritzaile, eraldatzaile, ausart eta kalitatezko batek eskatzen duen konpromiso maila, indar metaketa, prestakuntza maila eta antolaketa iraunkorra bermatzea.

Ikastolon bokazioa komunitateari zerbitzua ematea da, zerbitzu publikoa ematea, beraz. Garrantzitsua da ildo horretan herritar/pribatu banaketa egitea. Gaur egun, zerbitzu publiko terminoa administrazio publikora mugatzeko joera dago. Guk, aldiz, uste dugu Ikastolen mugimendua moduko herri-ekimenak, zuzenean administrazioaren menpeko egitura izan gabe ere, zerbitzu publikoa eskaintzen duela, guztiontzat zabalik dagoelako, herritarrek gobernatzen dutelako, irabazi asmorik ez duelako eta hainbat herri-erakunderekin elkarlanean diharduelako. Gaur egungo administrazioak erantzuten ez dion herri behar bati (Euskal Hezkuntza sistema propioa), modu komunitarioan erantzuten dion herri ekimen parte-hartzailea gara. Eta hori, interes partikular, ekonomiko edo doktrinatzaileak dituzten ekimen pribatuetatik oso urruti kokatzen da.

Ikastolok uste dugu publikoak garela, ez bakarrik zerbitzu publikoa ematen dugulako, baizik eta daukagun izaera bera publikoa delako, eta lanean jarraituko dugu legea ahalik eta gehien hurbildu dadin eskatzen dugun publikotasun eredura.

 

ARRISKUA

Eratzen ari den diskurtso baten ondorioz, Euskal Herriaren historiari eta izan diren hamaika ekimenei (euskalgintza, herrigintza…) erantzuten ez dion berdinketa bat egitea, izaera publikoa administrazioaren titularitatearekin berdintzea, alegia; areago, Euskal Herria bere osotasunean onartzen duen administraziorik existitzen ez denean.

 

AUKERAK

  • Europa mailako titularitate formula ezberdinak (udalak, Hezkuntza Administrazioa…) eta finantziazio publikoarekin ezberdintzen diren ereduak oinarrizko hezkuntza eskubideak bermatuz (Irlanda, Herbehereak, Finlandia…).
  • Ikastetxe autonomia indartzea, tokiko kolaborazio ekimenak indartuz.
  • Ikastoletatik eta ikastetxeetatik gertuen dauden eremuetan (udalak, auzoak…) oinarrituriko proiektuak garatzea, berrikuntza proiektu, arazo edo egunerokotasunari modu errealistena emanez.

 

Bistan da, beraz, publikotasuna ulertzeko beste modu batzuk daudela gure inguru hurbilenetik kanpo, eta horiei begira jartzea komeniko litzaigukeela orain artean ezagututakoarekin itsutu beharrean.