Gizarte ekonomiako egitasmoak lantzen

2023-02-15

DBH 4ko ekonomiako ikasleak onura soziala ekarriko duten egitasmoak ari dira lantzen hainbat elkarterekin.

Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean lantzen ari garen Gizarte-ekonomiari ekin egitasmoa Iraurgi Berritzen aurrera eramaten ari den Izan Ekintzaile! egitasmoarekin uztartu dugu, eta beraiekin solasean jarduteko aukera izan dute gure ikasleek. DBH 4ko ekonomiako gazteak modu kooperatiboan lantzen ari dira gizarte ekonomiako egitasmoa, eta hori guztia aurrera eramateko ekintzailetzak duen garrantzia azaldu diete Iraurgi Berritzeneko kideek. Izan Ekintzaile! egitasmoak ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu, eta eskualdean ekintzaileek aurrera daramatzaten jarduerak azaltzea. Ikasleak gizarte ekonomiako egitasmoak lantzen ari direnez, bereziki ildo horretako eskualdeko ekintzaile egitasmoen azalpenak jaso dituzte, hala nola Kulturazena, Elikagunearena edo Mugat mendeko pertsonen zaintzarako elkartearena.

Horrez gain, ordea, jendarteari onura soziala ekarriko dioten egitasmoak ere landu nahi dituzte, beti ere, talde-lanean, kooperatiboki. Hori guztia aurrera eramateko, zer hobeto bertatik bertara, herrian, gizarte ekonomian oinarritutako egitasmo bat ezagutzea baino, hau da, Elkargunea. Aurreko astean bertaratu ziren DBH 4ko ikasleak topalekuaren funtzionamendua eta helburuak bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia aberasgarria izan zen, eta ikasleek beraien egitasmoak aurrera eramateko ikasgai paregabea. Eskerrik asko Elkarguneari!

Informazio gehiago: https://uztarria.eus/komunitatea/elkar-ekin/1675844604650-ikasberriko-dbh4ko-ikasleak-bisita-egin-dute-elkargunera