Gau Beltzaren tradizioa bizirik

2024-10-30

Gaur, Gau Beltza ospatzeko, gure ikastolan ekintza bereziak antolatu ditugu HHko eta LHko ikasleek euskal tradizio hau sakonki ezagutu eta ospa dezaten.

Egunaren ardatz nagusietako bat Argitxo eta Gau Beltzari buruzko irudi bereziak koloreztatzea izan da, ikasle gazteenei egun honen esentzia hurbiltzeko eta irudimena pizteko helburuarekin. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, hasieran txuri-beltzean zeuden irudiak koloreztatzen jardun dute, Argitxo pertsonaiaren magiarekin jolastuz eta gure euskal kulturaren altxorretako bat biziagotuz.

Irudi horiek, euren lanaren emaitza, eskolako hormetan ikusgai jarri dira, eta Gau Beltzaren giroa areagotu dute. Azken finean, belaunaldiz belaunaldi transmititutako tradizioek gure kulturan duten garrantzia gogorarazteko aukera paregabea izan da.

Bestalde, Haur Hezkuntzako ikasleek antzinako usadioari jarraiki Gau Beltza ospatu dute, eta, horrekin batera, lurra “lotan” jarri dute, urtez urte egiten den moduan. Egun berezi honetan, gure arbasoek egiten zuten bezala, lurra atseden hartzera bidaltzen dute, udazkenaren eta neguaren etorrerarekin naturari bere merezitako deskantsua emanez.

Lurraren atsedenaldia ezinbestekoa da ziklo naturala errespetatzeko. Aurrerantzean, lurrak itxaron beharko du Ageda Deunaren egunera arte, berriro ikasleek makilak astinduz lurra “esnatu” arte. Orduan, neguko hotza atzean utzi eta bizitzaren seinaleak berriro agertzen hasiko dira.

Haurrek ilusio handiz bete dute errituala, naturarekin konektatzeko eta tradizio zahar horien garrantzia ikasteko aukera paregabea izan baitute. Makilak eskuetan hartuta, abestiak eta erritmoak erabiliz, gure lurra lo sakon batean murgildu dute, eta horrela, datorren udaberrirako indarrak berriz biltzeko aukera izango du.