Gau Beltzaren tradizioa
30 urria , 2024 | OharrakUdazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, hainbat erritu egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. XX. mendearen erdialdera arte, itxuraz, urriaren 31 inguruan Arimen Gaua/Gau Beltza ospatzeko ohitura oso zabalduta zegoen Euskal Herriko txoko askotan.
Santa Eskean neguari agur esan eta lurra berpizteko ospakizunak egiten ditugun bezala, udazkenean, udari agur esan eta neguari ongi etorri ematen zioten.
Garai honetan, lurra lokartu edo “hil” egiten da, udaberrian berriro berpizteko, biziberritzeko. Horregatik gaua , hildako arbasoak omentzeko aprobetxatzen zuten eta aldi berean izpiritu gaiztoak uxatzen zituzten trapu zaharrez mozorrotu eta maskarak jantzita.
Ospakizun xumea zen, kalabazak, arbiak etab. husten ziren aurpegi forma emanez beldurra sortzeko, haur eta gazteek bide bazterretan kandelak ezkutatzen zituzten, gaztaina erreak jaten ziren, etxez etxeko eske-errondak ospatzen ziren (negu parteko beste jai ezagunetan egiten den gisan). Ospakizun hauekin, amaitutzat ematen zuten uda garaia eta negua hasten zen.
Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko, urteetan zehar galtzen joan dira. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da, eta horrela ari da zabaltzen Gau Beltza Euskal Herrian.