Naroa, Malen eta Ane (Marea Urdina): Ikasleen ikaskuntza prozesuan beharrezkoa da inklusioa sustatzea, geletan gero eta aniztasun handiagoa dago-eta
Aurreko asteetan zehar, Marea Urdina elkarteko kideak izan ditugu ikastolan, “Ikas-jolas Ni inklusiboa” proiektuaren barruan. LH 4. mailako ikasleekin, etorkizuneko gizarteari begira, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat ingurune inklusiboago bat sortzeko lanean aritu dira. Dinamikaren sustatzaile gisa izan ditugu Marea Urdineko kide diren Malen eta Ane eta, gainera, Naroa Uriak dinamika horiek ikasleengan duten inpaktua aztertzen egon da, Deustuko Unibertsitaterako egiten ari den ikerketa baten baitan. Dinamika ikasleekin egin ostean, beraiekin solasaldi interesgarria izateko aukera izan dugu.
- Zuen ustez, zein da “Ikas-jolas Ni inklusiboa” proiektuaren oinarrizko filosofia? Zer balio edo printzipio nabarmenduko zenituzkete? Zergatik dira balio horiek garrantzitsuak gaur egungo gizartean?
Malen eta Ane: ”Ikas-jolas Ni inklusiboa” proiektuaren oinarrizko filosofia denok desberdinak izanda ere aukera berdinak izateko daukagun eskubidean eta nahian datza. Edozein aniztasun funtzional izanda ere pertsona denok izan behar ditugu geure burua garatzeko tresna eta baliabideak bermatuta, eta garapen horretan garrantzi handia du elkarri errespetua izateak, taldean onartzeak eta elkar zaintzak. Bai lehen eta bai orain, aniztasun funtzionalei buruz informazio gutxi jaso izan dugu, ezjakintasuna izaten da nagusi gehienetan, familian edo gertu izaten ez bada behintzat.
- Nola iruditzen zaizue inklusioa lantzea hezkuntza esparruan? Zein filosofia edo jarrera sustatzen du proiektu honek?
Naroa: Ikasleen ikaskuntza prozesuan beharrezkoa iruditzen zait inklusioa sustatzea, geletan gero eta aniztasun handiagoa dago-eta. Hori dela eta, proiektu honen helburua zehazki desgaitasunen bat duten pertsonekiko sentsibilizatzea da, eta nik uste hori dela inklusioa sustatzeko bidea, ikasleak txikitatik sentsibilizatzean baitago gakoa. Gizartea sentsibilizatzeko hainbat teknika daude, eta proiektu honetan horietako hainbat erabiltzen dira.
Hezkuntzak pertsonen pentsamoldea eta jokabideak eraldatzeko ahalmena duela esan ohi dut, eta, beraz, inklusioaren aldeko filosofiak txertatzeak ikasleak aniztasuna errespetatuko duen herritar bihurtzen ditu.
- Uste duzue ikasleek balio horiek bizitzako beste esparru batzuetan aplikatuko dituztela?
Naroa: Bai, dudarik gabe. Eskolan ikasitakoa, aisialdian aplikatzen dute. Beraz, horrelako proiektuen bidez jasotako ikaskuntza bakoitzak, beste arloetan keinu txiki positibo horiek egiteko erraztasuna ematen dietela uste dut.
- Nola uste duzue proiektu honek laguntzen diela ikasleei gizarte inklusiboago eta solidarioago bat sortzen?
Naroa: Proiektu honek ikasleei gizarte inklusiboago eta solidarioago bat sortzen laguntzen die hainbat modutan. Alde batetik, proiektuak balioetan hezteko aukera eskaintzen du, enpatia, errespetua, eta lankidetza bezalako gaitasunak garatuz. Ikasleek desgaitasuna duten pertsonen errealitatea eta beharrak ezagutzen dituzte, eta horrek haien kontzientzia soziala areagotzen du.
Bestalde, proiektu honetan parte hartzeak ikasleei elkarlanean aritzeko eta besteekiko konpromisoa hartzeko aukera ematen die, keinu txikien bidez gizarteari ekarpen positiboa egiteko bideak ezagutzen dituztelako. Proiektuaren bidez, ikasleek desberdintasunak aberastasuntzat har daitezkeela ikusten dute, desgaitasunen bat izan arren, gaitasun ugari ere badituztela, eta horrek haien jokabideetan eragin positiboa izaten du.
- Zer-nolako aldaketa sozialak lortu daitezke proiektu honen bidez zuen ustez?
Naroa: Horrelako sentsibilizazio programek eskola esparruan zenbaterainoko inpaktua izan dezaketen ikertzen ari naiz, beraz, hori proiektua amaitzean ikusiko da. Baina aldaketak ugariak izango direla uste da, hala nola, aniztasuna onartu bakarrik ez, aberastasuntzat ikustea, ikasleen arteko kooperazioa areagotzea edota kontzientzia soziala garatzea.
- Zer iruditzen zaizue gizartean inklusioa bultzatzeko filosofia? Zein dira horren onurak eta erronkak zuen ustez?
Malen eta Ane: Gizartean inklusioa bultzatzea, filosofia baino gehiago beharra da, eskubidea, ezin dira egon bigarren mailako herritarrak. Onurak guztientzako izaten dira, aniztasunak aberastasuna ematen dio gizarteari, edozeinengatik ikasi dezakegu, geure begirada zabaldu eta besteen ezberdintasunak onartzen baditugu. Erronkak ugariak dira aniztasun funtzionala dutenek berdintasunean bizi izan ahal izateko, irisgarritasuna, bai fisikoa eta bai kognitiboa. Kalitazteko hezkuntza bat izateko baliabideak urriak dira, hezitzaile ordu gehiago behar dira, zeinu hizkuntza itzultzaile gutxi daude…Aisialdirako aukerak eta kirol egokitua ere ez dira nahikoak eta hiriburuetan soilik aurkitzen da. Lan bat izateko aukera ere asko murrizten da, langabezia % 30-35 handiagoa da kolektibo honetan eta aniztasun funtzional kognitiboaren kasuan %90 handiagoa.
- Proiektu honek laguntzen al die zuen ustez inklusioari buruzko ikuspegi sakonago bat garatzen ikasleei?
Naroa: Dudarik gabe. Parte-hartzaileek desgaitasuna duten pertsonen errealitatea zuzenean ezagutzeko eta ulertzeko aukera dute, eta, horri esker, inklusioaren garrantziaz jabetzen dira modu errealago batean. Gainera, proiektuak pentsamendu kritikoa ere bultzatzen du, ikasleei inklusioaren inguruko erronkak, oztopoak eta aukerak aztertzeko bidea emanez.
Prozesu honetan, ikasleek inklusioak pertsonen ongizatean duen eragina ezagutzen dute, eta inklusioaren alde egiteko tresna eta jarrera sendoagoak garatzen dituzte. Honek guztiak ikuspegi sakonago eta konprometituago bat eskaintzen die, inklusioari buruzko ikuspuntuak barneratuz eta gizartean aldaketa positiboak bultzatzeko prestutasuna indartuz.
- Zein filosofia edo ideologia uste duzue bultzatzen duela inklusioa sustatzeak? Uste duzue beharrezkoa dela horrelako filosofien presentzia hezkuntzan?
Naroa: Pertsona guztiak balio handikoak garela eta aukera berdintasuna izan behar dugula argi dago, beraz, inklusioa sustatzeak pertsona guztien duintasuna eta eskubideak bermatzen dituela esango nuke.
Eta noski, filosofia eta ideologia horien presentzia ezinbestekoa da hezkuntzan, balio horiek barneratzen dituzten ikasleek gizarte osasuntsuago, solidarioago eta inklusiboago bat eraikitzeko bidea egiten baitute, diskriminazioaren aurkako borroka azpimarratuz.
- Proiektu hau inklusioaren ikuspegitik lantzeak aldatu al du zuen ikuspegia hezkuntza-sistemari buruz? Zer garrantzia eman beharko litzaioke aniztasuna eta inklusioa bultzatzeari ikastetxeetan?
Malen eta Ane: Ezinbestekoa deritzogu ikastetxeetan gai hauek lantzea, bai familiaren barruan ere, etorkizuneko gizarte hobeago bat nahi badugu.
- Nola uste duzue egunerokoan aplika daitekeela proiektu honek transmititzen duen inklusioaren filosofia? Zein da eguneroko ekintza txikien garrantzia guzti horretan?
Malen eta Ane: Haurrek hitz egiten ez duen lagunari egunon esanda, berari erantzungo balu bezala hitz egiten badiote, lagun horri ulertzeko ahalegintzen badira, beraiek bezala mugitu ezin dena beraiekin jolasteko jokoak egokitzen badituzte, ahozkatzeko zailtasunak dituenari barre egin beharrean errespetuz entzuten badiote, eta azken finean, ulertzen badute pertsona hauek egunero esfortzu handiak egiten dituztela bat gehiago izateko, inklusioaren bidean pauso handi bat egina dutela esan dezakegu.
- Zer nolako etorkizuna irudikatzen duzue proiektu honetan landu diren balioak barneratzen dituzten ikasleentzat? Eta hemendik aurrera, zer?
Naroa: Hori ikusi egin beharko da, baina gizarte inklusiboagoa irudikatzen dut nik. Deustuko Unibertsitatean nago irakasle lanetan, eta desgaitasunarekiko sentsibilizazio programen inguruko doktorego tesia egiten ari naizen honetan, nire esperoa pixkanaka gizarte inklusiboago baten bidean lan egitea da. Ikasleengan horrelako programek duten eragina zein den ikertzea, proiektuan hobekuntzak egitea eta inpaktua ahalik eta esanguratsuena egiteko bideari jarraitzea. Egia da mundua ez dugula aldatuko, baina gure herritik hasiz, emandako lorpen bakoitza aurrerapausoa dela sinistuz jarraituko dugu lanean.