Ikastolen eta Euskararen Eguna: euskararen aldeko ospakizun berezia

2024-12-03

Gaur, abenduaren 3an, urtero bezala, Ikastolen eta Euskararen Eguna ospatu da gure ikastolan. Egun hunkigarri eta aberasgarri honek euskara eta euskal kultura sustatzeko helburua du, eta maila guztietako ikasleek jarduera desberdinetan parte hartu dute, giro eder eta parte-hartzailean.

Goizean, egunari ongi etorria emateko pregoiarekin hasi dira jarduerak.

Haur Hezkuntzako (HH) ikasleek aurpegia margotzeko eta gela girotzeko jardueretan murgildu dira, eta, bitartean, Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleek ipuin kontaketa, jolasak eta euskarazko jolasak izan dituzte aukeran. Tartean, indarrak berritzeko hamaiketakoa izan dute.

Arratsaldez, HHko ikasleek haur jolasetan parte hartu dute, eta LHkoek tailerretan jarraitu dute.

Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko (DBHO) ikasleek ere egun berezia izan dute. Goizean, pregoia entzun ondoren, DBHko ikasleek jolasetan parte hartu dute eta HH eta LHkoentzat tailerrak antolatu dituzte. Ondoren, denek hamaiketakoa egin dute.

Eguerdian, DBHO 1. mailako ikasleek prestatutako ogitartekoekin bazkaldu dute. Bazkalostean, DBHO 2. mailako ikasleek antolatutako show-a izan da, eta barre eta algara giroan amaitu dute eguna.

Egun berezi honen aurretik, LH, DBH eta DBHOko ikasleek UEMAren HEDATU Hezkuntza Proiektuko unitate didaktikoak landu dituzte. Besteak beste, ikasleek Bizkarsoro filma ikusi eta horren inguruko hausnarketa interesgarria egin dute. Euskal kulturaren eta euskararen egoeraz hausnartzeko baliabide aberatsak izan dira jarduera hauek, ikasleek hizkuntza ohiturak aztertzeko eta euskararen erabileraren garrantziaz jabetzeko aukera eman dietelarik.

Ikastolen eta Euskararen Egunak, aurten ere, balio izan du ikasleak euskara eta euskal kulturarekin lotura estuago bat izateko.  Ikastolarentzat egun honek berebiziko garrantzia du, gure hizkuntza den euskara bizirik mantendu eta sustatzeko konpromisoa gogorarazten baitigu. Egunero dihardugu euskara bizitzeko, erabiltzeko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko lanean.