Artearen hizkuntza Bilboko itsasadarrean

2025-01-30

Batxilergoko 1. mailako ikasleek Bilbora txangoa egin dute, eta bertan Guggenheim museoa bisitatzeko aukera izan dute.

Bisitaren ardatza Hilma af Klint (Stockholm, 1862–1944) margolariaren aldi baterako erakusketa izan da. Af Klintek arte abstraktuaren aitzindari gisa egindako ekarpena ezagutzeko parada izan dute ikasleek, bere margolan ausart eta koloretsuen bidez.

1906an, Af Klintek bere proiektu berritzaile eta handinahiena abiatu zuen: Tenplurako pinturak. Hamarkada batez, 193 margolan eta marrazki sortu zituen, ordu arteko irudikapen-moldeak hautsiz eta ikonografia pertsonal bat eraikiz. Artelanen bitartez, eremu espiritual eta sinbolikoen ideiak islatu zituen, ikusgai egitea erronka zuen hori margotuz. Gainera, Af Klintek bere garaiko aldaketa sozial sakonak bertatik bertara bizi izan zituen, besteak beste, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak.

Bisitak ez du soilik arte abstraktuaz gozatzeko aukera eskaini, baizik eta museoa bera hobeto ezagutzeko ere balio izan du. Frank Gehry arkitektoak diseinatutako Guggenheim museoa Bilboko itsasadarraren eraldaketaren sinbolo bihurtu da, eta ikasleek eraikinaren arkitektura berritzailea ere gertutik ikusi ahal izan dute.

Esperientzia honek ikasleen jakin-min artistikoa piztu ez ezik, artearen eta arkitekturaren bidez hirien bilakaera ulertzeko aukera eskaini die.