Euskal inauteriak: tradizioaren berpizkundea gure herrian
2025-02-05
Euskal Herriko inauteriak ospakizun bereziak dira, historian zehar belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak. Antzinako tradizioari atxikitakoak dira bereziki herri txikietan, baina baita hiri eta herri handiagoetan ere ospatzen dira. Aurten ere, ikastolak euskal inauterien esentzia berreskuratu eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoa hartu du, herritik eta herriarentzat lelopean.



Inauteri hitzaren jatorria eta esanahia
“Inauteri” hitzak hiru osagai ditu: INAU aldaera, -TE atzizkia eta -ERI atzizkia. Lehenengo osagaiak “karnabal” esanahia du; -TE atzizkiak “garaia” adierazten du, eta -ERI atzizkia, berriz, bizioekin erlazionatuta dago. Antropologoek diote inauteriak eguneroko bizimodutik aldentzen diren ospakizunak direla, non askatasuna, erokeria eta festak nagusi diren.
Euskal Inauterien jatorria eta bilakaera
Euskal Inauterien jatorria ez dago guztiz argi, baina hainbat hipotesi daude. “Karnabal” hitzaren etimologiaren arabera, batzuek jai hauek erromatar kulturako Saturnal eta Lupercalia jaiekin lotzen dituzte. Beste aditu batzuek, aldiz, Garizumarekin eta honek haragia jateari ezartzen dion debekuarekin erlazionatzen dituzte (hortik dator inauteriei “aratusteak” deitzea, “haragia uztea” esanahiarekin).
Hala ere, euskal inauterien benetako sustraiak neguko amaiera eta udaberriaren etorrerarekin erlazionatuta daudela esaten da. Ehiztariek, nekazariek eta batez ere artzainek garai hau ospatzen zuten, izan ere, negua oso gogorra zen haientzat. Elur garaian, etxeetan babesten ziren, ia janaririk gabe, eta negua gainditzea biziraupenaren ikur bihurtzen zen. Horregatik, janari, edari eta musikaz beteriko festak egiten ziren, urtaro aldaketa ospatzeko.
Erritu eta sakrifizio batzuk ere egiten ziren, lurraren eta emakumeen emankortasuna ziurtatzeko edota etxe-abereak babesteko. Euskal Herriko inauterien aipamen idatzi zaharrenak Erdi Arokoak dira, baina adituen arabera, historiaurretik ospatzen direla uste da.
Beraz, euskal inauteriak natura eta antzinako ohiturekin lotzen diren ospakizunak dira. Hasieran, artzain eta baserritarrak animalien larruekin mozorrotzen ziren eta ospakizunek euskal mitologiarekin lotura estua zuten. Herriaren arabera, hainbat erritu eta ospakizun egiten ziren.
Frankismoaren eragina eta tradizioen berpizkundea
Frankismo garaian, Elizak eta erregimenak inauteriak guztiz debekatu zituzten. Eduki pagano handia zutenez, ez zitzaion erregimenari komeni halako ospakizunak onartzea. Herri askotan inauteriak desagertu egin ziren, baina Unanuan, adibidez, ez zuten inoiz ospatzeari utzi.
Diktadura amaitutakoan, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Euskal Herriko herri askotan ohitura berreskuratu zen, eta egun, euskal inauteri tradizionalak berpizten eta bizirik mantentzen ari gara.
Ikastolako Euskal Inauterien jaialdia: denok parte hartzera gonbidatuta!
Gure ikastolak euskal inauteri tradizionalen berpizkundea sustatu nahi du, herritarren parte-hartzea sustatuz. Antzinako ohiturak berreskuratzea eta euskal kultura herrira zabaltzea da gure helburua. Ikastolako komunitatearentzat urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, eta urtez urte, gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Gainera, ikastolako ikasle ohiek ere parte hartuko dute, belaunaldien arteko lotura indartuz eta tradizioa elkarrekin biziz. Horrek inauteriak are bereziago bihurtzen ditu, gure historia eta identitatea berreskuratzeko aukera paregabea eskainiz.
Aurten, gainera, herriko heldu guztiek ere parte hartzeko aukera izango dute. Horrela, otsailaren 28ko jaialdiaren amaieran, Lantzeko zortzikoa dantzatuko dugu, eta nahi duen herritar oro gonbidatuta dago. Janzkera gisa argazkietan ageri diren txatxoak deituriko pertsonaien mozorroa litzateke erreferentzia. Ez badakizu dantzatzen, ez kezkatu! Entsegu saioak antolatu ditugu Ikastolan:
📅 Otsailak 18 – ⏰ 21:00
📅 Otsailak 20 – ⏰ 21:00
📅 Otsailak 25 – ⏰ 21:00
📅 Otsailak 27 – ⏰ 21:00
Parte hartzeko asmoa dutenek otsailaren 14a baino lehen galdetegi hau betetzea eskertuko genuke.
Gaur egun, tradizio hau berpizten ari gara, euskal kulturaren transmisioa sustatuz eta herritarrak parte hartzera gonbidatuz. Ez galdu aukera, zatoz eta ospatu gurekin Euskal Inauteriak! 🎭🎶