Harrien hizketan, iraganaren oihartzunak

2025-02-21

Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek historiaren bila bidaiatu dute, Paleolito eta Neolito garaiko bizimodua hobeto ezagutzeko. Aste honetan, Munibe Arkeologia Taldeko Juan Mari eta Xabier gure ikastolan izan ditugu, eta haien eskutik gure arbasoen bizimodua hurbilagotik ezagutzeko aukera paregabea izan dugu.

Saioan, ikasleek bideo bat ikusi, adituen azalpen interesgarriak entzun eta benetako aurkikuntzak ikusi eta ukitu ahal izan dituzte. Harri tresnak, aztarnategietako objektuak eta kobazuloetako indusketetan aurkitutako elementuak zuzenean ezagutzeko parada izan dute. Esperientzia bisual eta praktiko honek historia gertuagotik ulertzen lagundu die.

Baina saio hau ez da soilik iraganari begira egoteko aukera izan; gure ondarea ezagutzeak duen garrantziaz ere hausnartu dugu. Historiaren bidez gure sustraiak ezagutzea ezinbestekoa da gure kultura eta ondarea babesteko, etorkizunari begira hobetzeko. Gure arbasoek utzitako aztarnak gordetzea eta ikertzea gure identitatea sendotzeko bide bat da.

Eskerrik asko Munibe Arkeologia Taldeari gure historia biziarazteagatik eta gure ikasleei arkeologiaren magia hurbiltzeagatik. Gure sustraiak ezagutuz, gure kultura babesten dugu!