Ikasleen etorkizunerako bidea argitzen

2025-02-27

Batxilergoko 2. mailako ikasleak Iraurgi Berritzenek bultzatzen duen Gerolan proiektuaren baitan eskualdeko enpresak eta eragileak ezagutzen dihardute.

Iraurgi Berritzenek bultzatzen duen Gerolan proiketua eskualdean, DBH4 eta Batxilergoko 2. mailako ikasleen orientazio akademikoa indartzeko egitasmoa da. Proiektu honen helburua ikasleei etorkizunean egin nahi dituzten ikasketak aukeratzen laguntzea da, horretarako banakako hausnarketa-saioak eta bisita gidatuak eskainiz.

Lehenik eta behin, ikasleekin gelan lan egiten da, beraien interes zehatzak identifikatzeko hausnarketa-saioak eginez. Saio hauen bidez, ikasleek beraien zaletasunak eta lanbide-aukerak modu argiago batean aztertzeko aukera dute.

Bigarren urratsean, orientazio pertsonalizatua eskaintzeko, eskualdeko hainbat eragileren bisitak antolatzen dira. Bisita hauetan, ikasleek lanpostu ezberdinak gertutik ezagutzen dituzte eta langileen esperientziak jasotzen dituzte. Horrela, etorkizuneko erabakiak hartzerakoan informazio eta ezagutza gehiago izan dezakete.

Oraingoan, ikasleek Astigarraga Kit Line enpresa bisitatu zuten. Bertan, enpresaren eguneroko funtzionamendua ezagutzeaz gain, profesionalen esperientziak entzun eta lanbidearen errealitatea bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten. Bisita honek lanbide-orientazioaren garrantzia azpimarratu zuen, eta ikasleei etorkizunari begira baliagarri izango zaizkien tresnak eskaini zizkien.

Orientazio akademikoak eta lanbide-bisitak ikasleen etorkizuna eraikitzeko funtsezko elementuak dira. Horregatik, ekimen hauek etorkizunean ere sustatzen jarraituko dira, ikasleek erabaki egokiak hartzeko behar duten laguntza jasotzeko aukera izan dezaten.