Haurrak eta natura, elkarrekin hazten
2025-04-10
Udaberriaren hasierarekin batera, Haur Hezkuntzako ikasleek naturarekin harreman zuzena izateko aukera izan dute azken astean zehar egindako hainbat irteeratan.








Kimu proiektuaren ardatzetako bat izanik, natura hezkuntza-prozesuaren erdigunean jartzea bilatzen da, eta horretarako ezin hobeak izan dira egin diren jarduerak.
Proiektu honek haurra natura-ingurunean modu integral eta osasuntsuan garatzea du xede, eta, ondorioz, naturarekiko harremana baliabide pedagogiko gisa ulertzen da. Hori horrela, azken egunotan gertuko zein ez hain gertuko ingurune naturalak ezagutzeko aukera izan dute ikasleek.
Aurreko ostiralean, adibidez, Basondora egin zuten irteera. Kortezubin kokatutako faunarentzako babesleku berezi honetan hainbat animalia ikusi ahal izan zituzten haurrak basoan barrena egindako ibilbide baten bidez: alpaka, otsoa, basakatua, bisontea, azeria… Esperientzia aberasgarri horren ondoren, bazkaria egin zuten ondoan zegoen zelai batean, eguraldi bikainaz lagunduta.
Asteartean, berriz, Igarako errotara joan ziren goiz pasa. Bertan, haurrek errotaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuten eta ikusi zuten nola lortzen den irina, hainbeste gustuko duten ogia prestatzeko oinarria. Jarduera horrek haurrengan jakin-min handia piztu zuen. Ondoren, Loiolako zelaian hamaiketakoa egin zuten, goiza modu atseginean amaitzeko.
Irteera hauek, ikaskuntza esperientzia esanguratsu bihurtzeaz gain, naturarekin lotura emozional eta fisikoa sendotzen laguntzen dute. Kimu proiektuaren baitan bideratutako jarduera hauek erakusten dute naturak eskaintzen dituen aukerak hezkuntzan txertatzea zein garrantzitsua eta aberasgarria den.