Aurrez-Aurre elkartearen galdeketaren emaitzak
Azpeitiko hiru ikastetxetako gurasoek osatutako Aurrez-Aurre elkartea herriko udaletxearekin elkarlanean ari da pantailen erabilera egokia sustatzeko. Gurasoen elkarte honek hasieratik adierazi du mugikorraren erabilera adina atzeratzearen alde dagoela, eta bide horretan urrats berriak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
Aurtengoan, gaiari buruzko galdeketa bat egin dute herri mailan, gizartearen iritzia jasotzeko eta egindako lana norabide egokian doan aztertzeko. Emaitzek baikortasunerako arrazoiak eman dizkiete. Izan ere, elkartea sortu zenetik Lehen Hezkuntzako ikasleen artean adimendun gailua dutenen kopurua jaitsi dela adierazi dute. Gainera, jasotako datuen arabera, ikasleek adimendun telefonoa jasotzen duten adina atzeratzen ari da, joera positiboa nabarmenduz.
Elkartearen ustez, sentsibilizazio kanpainek eta komunitatearen inplikazioak eragina izan dute joera horretan, eta horrek animatzen ditu ekimenarekin aurrera jarraitzera. Haur eta gazteen ongizatea erdigunean jarrita, pantailen erabilera arduratsuari buruzko lanketa eta informazioa eskaintzen jarraituko dutela azaldu dute.
