Ikasleen begiradek piztutako erakusleihoak
2025-05-15
Azpeitiko hiru ikastetxetako 169 ikaslek parte hartu dute Bertan merkatarien elkartearekin elkarlanean antolatutako erakusleihoak apaintzeko egitasmoan. Helburua, gaztetxoak tokiko kontsumoan heztea eta herriko merkataritza gertutik ezagutzea da. Maiatzean zehar ikusgai egongo dira ikasleek apaindutako erakuslehioak, eta herritarrei herrian erosteko deia luzatu zaie, komunitatea indartuz.








Udaberriak kolorea eta bizitasuna ekarri ditu berriro Azpeitiko kaleetara, eta aurten, bereziki, gure ikasleen eskutik. Izan ere, Azpeitiko hiru ikastetxeetako –Iraurgi Ikastetxea, Urola Ikastola eta Ikasberri Ikastola– 169 ikaslek hartu dute parte Bertan merkatarien elkartearekin elkarlanean antolatutako erakusleihoak apaintzeko egitasmoan.
Ekimen honek baditu hainbat helburu hezitzaile eta sozial: alde batetik, gaztetxoak tokiko kontsumoaren balioetan heztea, eta bestetik, belaunaldien arteko elkarlana eta herriaren kohesioa sustatzea. Izan ere, gure ikasleek aukera izan dute herriko 40 saltokirekin harreman zuzena izateko: erakusleihoaren ezaugarriak aztertu, lehenengo diseinuak sortu eta apaingarriak beren kabuz garatu dituzte, irudimena eta materialen berrerabilera landuz.
Egitasmoak urtarrilean izan zuen hasiera, eta azken asteetan ikasleak buru-belarri aritu dira apaingarriak dendetan jartzen. Emaitzak, zalantzarik gabe, ikusgarriak dira eta herriko kaleei itxura berezia eman diete.
Hilabete osoan zehar izango dira erakusleihoak ikusgai, eta herritarrek eskuorri baten bidez identifikatu ahal izango dituzte ikasleen lana jaso duten saltokiak –eskuorriak etxez etxe banatu dira dagoeneko.
Guraso bezala, zuen parte-hartzea funtsezkoa da ekimen honek benetako eragina izan dezan. Gure ikasleek sortutako erakusleihoek harrotasunez erakusten digute zer-nolako potentziala duten, eta aukera paregabea da familian herriko dendak bisitatzeko eta gure herrian kontsumitzeko ohitura sustatzeko.
Eros dezagun Azpeitian, gure seme-alabak parte diren komunitatea indartuz eta bertako merkataritza bizirik mantenduz.