2025-05-27

Joseba Ibartzabal (Artezkaritzako ekonomia arloko arduraduna): Betebeharrak berdinak ditugun heinean baliabideak ere berdinak izan beharko genituzkeela deritzogu

Ikastolak komunitate oso baten ekarpenari eta inplikazioari esker eraikitzen eta mantentzen diren proiektu biziak dira. Horregatik, funtsezkoa da zuek, gurasook, jakitea eta ulertzea nolakoa den gure ikastolaren eguneroko funtzionamendua bermatzen duen ekonomia-kudeaketa. Finantzaketa eredua, doakotasunaren inguruko diskurtsoa eta errealitatea, familiek egiten dituzuen ekarpen ekonomikoen zergatia, eta auzolanaren eta komunitatearen indarra bezalako gaiak argitzeko eta mahai gainean jartzea ezinbestekoa da elkarrekin bidea egiten jarraitzeko.

Elkarrizketa honetan, Joseba Ibartzabalek –ikastolako ekonomia arloko Artezkaritzako kideak– xehetasunez azalduko digu nola antolatzen eta garatzen den ikastolaren kudeaketa ekonomikoa, zein erronka eta aukera dituen aurrean, eta zergatik den hain garrantzitsua guztion parte-hartzea. Bere hitzek aukera emango digute ikastolaren egitura ekonomikoa gertutik ezagutzeko, eta, horrekin batera, gure parte-hartzearen balioa eta zentzua hobeto ulertzeko.

Zinez uste dugu elkarrizketa honek zuen interesa piztuko duela eta gogoetarako bidea zabalduko duela.

  • Zein da gaur egun ikastolek administrazio publikoetatik jasotzen duten finantzaketaren benetako portzentaia?

%78 Eusko Jaurlaritzatik eta %4 udaletik.

  • Zergatik ez dira ikastolak %100ean finantzatzen, beste sare publikoko zentro batzuk bezala?

Hori da hain zuzen ere gure galdera, zerbitzu publikoa eskaintzen dugun heinean.  Betebeharrak berdinak ditugun heinean baliabideak ere berdinak izan beharko genituzkela deritzogu.

  • Zein dira administrazioak ez dituen finantzatzen baina ikastola batean ezinbestekoak diren jarduera edo figura horiek?

Hasteko Batxilerrerako beharko genukeen irakaslego behar guztia ez zaigu finantzatzen.  Bestetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologiako langileak, komunikazioko langileak, aniztasunari aurre egiteko irakasleak, berrikuntza arduraduna, garraio zerbitzua, aholkularitzak… finantziaziorik gabe ditugu, batzuk aipatzeagatik.

  • Zer baldintzatan jasotzen dira bazkideen ekarpen horiek? Zer erregulazio dute?

Kooperatiba garen heinean bazkideek ekarpena egitea derrigorrezkoa da eta erregulazioa Kooperatiben Legearen baitan egiten da.

  • Lege berriak “hezkuntza doakoa” izango dela dio. Zer esan nahi du horrek ikastolen kasuan praktikan? 

Falta den %21a eman beharko ligukeela Jaurlaritzak.  Horixe da kontraesana.

  • Zer iruditzen zaizue hezkuntza doakoa dela esatea, finantzazioa oraindik partziala denean? 

Gezur edo manipulazio bat.

  • Zer oztopo daude ikastolak %100ean doakoak izateko? 

Aurrez esan dugun finantziazio publiko gabezia.

  • Ikastola batean ikasteko ezintasuna izan dezake norbaitek baliabide ekonomikorik ez duelako?

Ikastolan inor ez da baztertua baliabide ekonomikoen faltagatik.  Honetarako hain zuzen ere dugu Barne Beka Sistema duela 12 urtetik. Kasu hauetan elkartasunez jokatzen dute ikastolan bazkideek.

  • Zer irizpide erabiltzen dituzue familiek egin beharreko ekarpena zehazteko?

Urtez-urteko beharren eta hauen finantziazioaren araberakoa izaten da. Azken urteotan ikastolan egoera ekonomiko orekatua dugu, eta beraz ez dugu igoera nabarmenik izan, baina esan bezala oraindik ere beharrezkoa da gurasoen ekarpena.

  • Nola bermatzen duzue ekarpen ekonomiko horrek ez duela diskriminaziorik sortzen?

Barne Beka sistemarekin. Baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten familiek egin beharreko ekarpena gutxienekoa da.

  • Zenbat ikaslek jasotzen dute laguntza?

Ikasturte honetan 27 ikaslek jaso dute laguntza.

  • Nola erabakitzen da zein jarduera edo kontzeptu finantzatuko diren bazkideen ekarpenekin?

Lehen esan dugun bezala halabeharrez. Jaurlaritzak finantzatzen ez duen gainerakoa da bazkideek finantzatu beharrekoa.

  • Zer ekimen antolatzen dituzue finantzaketa osatzeko eta komunitatea inplikatzeko?

Ikastolako obra, konponketa eta berrikuntza asko auzolanean antolatzen dira adibidez, bakoitzak bere ezagutza eta esperientziatik egiten duelarik ekarpena. Gainera, hainbat jaietan ere txozna jartzen du ikastolak.

Familia handi bat da ikastola eta bertan gurasoen artean ogibide guztietakoak izatea altxor bat da.

  • Zein da saretze-lanaren garrantzia ikastolen artean (adibidez, Tuterako edo Seaskako ikastolekin)?

Modu honetara elkartasun baloreak lantzen dira, baita harremana sendotu ere. Bestalde, babes ekonomikoa ere garrantzitsua da kasu hauetan. Kontuan izan Ikastoletako ikasle bakoitzak 15 €-ko ekarpena egiten du urtero behar ekonomikoak dituzten ikastolei laguntzeko.

  • Zein dira ikastolek datozen urteetan aurreikusten dituzten erronka nagusiak ekonomia aldetik?

Lehenago ere aipatu dugun Hezkuntza Lege Berriaren garapen osoa aldarrikatzea, arlo ekonomikoa barne, benetan gauzatu dadin doakotasuna hezkuntzan.

Bestetik, euskal gizartean ematen ari diren hainbat aldagai tarteko (jaiotze tasaren jeitsiera, etorkin kopuruaren igoera…), bereziko garrantzia dute jatorri atzerritarra duten familiak ikastolara erakartzea.

  • Zer aldaketa proposatuko zenukete Hezkuntza Lege berrian ikastolen egoera errealistagoa islatzeko?

%100eko finantziazioaz gain, ratioak edo gelako ume kopuruak jeistea.  Geletan gero eta handiagoa den aniztasunari era egoki batean erantzuteko behar-beharrezkoa da hori.