Ikastola mugimenduaren agerraldia Gasteizen

29 maiatza , 2025 | Oharrak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzeko azkeneko dekretuak, duela hiru urtekoak, ez du balio izan segregazioa bukatzeko. Aitzitik albo kalteak eragin ditu. Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horretan oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan eman. Matrikulazio bizian heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua. Ikastolei kalte egin die dekretuak, haien matrikulazio kopuruak mugatu egin dituelako, baita geletan lekua izanda ere. Horiek dira, laburbilduz, azken hiru urteetan egin den matrikulazioaren kudeaketaren gainean egin duten balorazioaren puntu nagusiak.

Horrekin batera, hainbat neurri proposatu dituzte:

  • Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea
  • Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea
  • Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea
  • Matrikula     bizia egoki baliatzea, modu gardenago, orekatuago eta bidezkoagoa izan dadin.
  • Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea.
  • Familien hautuaren askatasuna errespetatzea

Proposamen hauek, hezkuntza-sistema inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzeko helburuarekin planteatu dituzte.

Era berean, konpromisoak ere hartu dituzte, eta zein neurri hartuko dituzten azaldu dute:

  • Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dute ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko.
  • Euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dute, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat.
  • Ikastola hautatu duten familia guztiek ikastolan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dute.

Ikastolek berretsi egin dute euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa prozesuan eragile aktibo eta konprometituak izateko asmoa. Bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela gogorarazi dute: familien konfiantza, erakundeen babesa eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak dira.

Jarraian duzue, gaurko agerraldian ikastolek egin duten adierazpena.

—————————-

Ikastolen mugimenduak historikoki Euskal Herriaren beharrei erantzuna eman die bere ekarpenaren bidez. Euskararen eta euskalturaren transmisioa oinarri, proiektu pedagogiko sendoa eta hezkuntza eredua ulertzeko modu desberdin bat eskaini dizkie Euskal Herrian ditugun hezkuntza sistema desberdinei.

Egun Euskal Herriak dituen erronkak ez dira nolanahikoak: euskararen eta euskal kulturaren egoerak kezkatzen gaitu, nazio ikuspegiak izan duen galerak, globalizazioaren ajeek, etorri berrien harrerak eta hauek euskal herriratzeko ditugun zailtasunek besteak beste.

Euskal Herriak dituen erronka linguistiko, identitario, sozial eta kulturalei parez pare begiratu eta gure ekarpena egiten dugu Euskal Herritik eta Euskal Herrirako. Hezkuntza lege berriaren eztabaidan egin genituen ekarpenak ildo horretan joan ziren, nahiz eta emaitza ez zenizan espero genuena.

Gaurkoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hiru urteotako matrikulazio prozesuaren balorazioa plazaratuko dugu, balorazio kritikoa. Baina ez gara mugatuko kritikara, proposamenak plazaratzea dugu helburu.

Izan ere, hezkuntza proiektua garatzeko dugun autonomia eta ikastolen sareak ematen digun indarra eta elkartasuna baliatuko ditugu proposamen hauek garatzeko eta hezkuntza sistemari gure ekarpena egiten jarraitzeko.

Hezkuntza Sailaren Dekretu Berria:

Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzaren 30ean onartu zuen matrikulazio prozedura arautzen duen azkeneko dekretua. Dekretu horren bidez, Hezkuntza Sisteman matrikulatzeko prozedura berria ezarri zen, eta horrek hainbat aldaketa ekarri zituen ikasleen esleipenean.

Dekretuaren helburuetako bat eskolaratze inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea izan zen. Horrek esan nahi du ikasle guztiek matrikulatzeko garaian aukera berdinak izan ditzaten bermatzea.

Helburu hori Ikastolen Elkartea osatzen dugun ikastolen helburua ere bada eta lanean gogor dihardugu ikasle zaurgarriak ikastoletara ere etor daitezen.

Ikastolen Elkarteak eta berau osatzen duten ikastolek balorazio kritikoa egiten dugu bai onarpen-dekretuari, bai haren aplikazioari dagokienez.

! Aginduak eta bertan segregazioari aurre egiteko jasotzen diren neurriek, ez diote modu eraginkorrean helburu horri erantzuten eta horregatik neurri hauen balorazio sakona eta partekatua behar dela uste dugu. Lortutako emaitzak eta sortutako albo-kalteak baloratuko dituena.

! Honez gain, matrikulazio agindu berriaren ondorioz eta legez inon ez bada aipatzen ere, ikastoletan matrikulatzeko ikasle kopurua mugatu egin du Hezkuntza Sailak, geletan plaza libreak egonda ere. Urtetik urtera Hezkuntza

Saila matrikulazio mugak jaisten ari da. Zenbaitetan gela kopurua ere mugatu dutela esan dezakegu, alde bakarrez hartutako erabakien bidez eta Hezkuntza Sailaren aldetik inolako argudio sendorik eman gabe. Guzti honen ondorioz Ikastolen matrikulazio gaitasuna kaltetuta atera da.

– ! Zaurgarritasun-indizeak kalkulatzeko erabiltzen ari den formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horien oinarria familiek borondatez betetzen duten galdetegia da, eta galdetegi horrek ez dizkigu datu fidagarriak ematen. Beraz, zaurgarritasun-indizea kalkulatzeko adierazle zehatzak, neurgarriak eta errealak ezarri behar dira. Hala nola, familiaren errenta, ondasunak, lanbidea ziurtatua duen edo ez…