Gure herria, gure ikasgela
2025-06-17
Haur Hezkuntzako 5 urteko gelako ikasleek goiz pasa ahaztezina egin dute gaur, “Gure herria” gaia lantzen ari diren honetan egindako irteera didaktikoan.



Azken asteetan gelan herriaren inguruan landutako edukiak praktikan jartzeko asmoz, Azpeitiko hainbat eraikin garrantzitsu bisitatu dituzte.
Irakasleen hitzetan, ikasgelako edukiak ingurune erreal batean bizitzea funtsezkoa da ikaskuntza esanguratsua sustatzeko. “Antxieta etxetik udaletxeraino, Basazabal jauregitik tren geltokiraino, ikasleek jakin-min handiz ikusi dute gure herriko ondarea, eta gelan landutakoa beste modu batez barneratu dute,” azaldu dute.
Kimu Proiektuaren oinarrietako bat esperientzia berriak eta errealitatearekin lotura duten egoerak eskaintzea da. Gaurko irteerak helburu hori bete du bete-betean: ikasleek, herria ezagutzeaz gain, bizipen pertsonal eta kolektibo gogoangarri bat ere bizi izan dute.
Goizak, gainera, talde-lana eta jakin-mina sustatzeko aukera paregabea eskaini du, eta ikasleek pozik eta motibatuta amaitu dute eguna. Horrelako esperientziek ikaskuntza prozesua aberasten dute, eta haurren motibazioa eta parte-hartzea areagotzen.