
Miren Lazkano, Mari Azkue eta Joanes Otamendi (Zuzendaritza taldea): Zuzendaritza taldeko etapa baten amaiera, ibilbide emankor baten lekukotasuna
Azken lau urteotan, gure ikastolako zuzendaritza taldean bidelagun izan ditugu Miren Lazkano, Mari Azkue eta Joanes Otamendi. Etapa honetan, bakoitzak bere ikuspegia, konpromisoa eta nortasuna ekarri du eguneroko lanera, komunitate osoaren alde eginez. Orain, Mirenek eta Joanesek beren ardurei amaiera emango dietela iragarri dute, eta une egokia iruditu zaigu hirurekin solasaldi sakon eta atsegin bat izateko.
Elkarrizketa honetan, hasierako egunetatik gaur arteko ibilbidea errepasatu dugu: bizi izandako esperientziak, lortutako erronkak eta talde gisa izandako bilakaera izan ditugu hizpide. Baina ez dugu ahaztu etorkizunari begiratzeko unea ere, hausnarketaz eta desioz beterikoa. Elkarrizketa honetan, gainera, bakoitzaren keinu pertsonala ere islatzen da, ikastolaren alde egindako lanaren aztarna emozionalaren testigantza gisa.
Gure ikastolako komunitate osoaren izenean, bihotzez eskertu nahi diegu hiruei egindako ekarpenagatik, erakutsitako arduragatik eta gertutasunagatik.
- Nola gogoratzen dituzue zuen zuzendaritzako lehen egunak?
Mari Azkue: Egun bereziak izan ziren. Emozio handiko egunak bai lanean eta baita pertsonalki ere. Erronka handia genuen eskuartean eta aldi berean izugarrizko indarra eta babesa. Beldurra, errespetua…eta aldi berean ilusioa eta gogoa gailentzen zitzaizkidan.
Miren Lazkano: Urduritasunez baina ilusio handiz. Ikasteko eta lanerako gogoarekin.
Joanes Otamendi: Arduraz bizi izan nituen lehen egunak egia esan baina ikastolaren (Ikasle, guraso eta irakasleen) babes handia sentitu nuen lehen egunetik. Honek asko lagundu zidala gogoan daukat.
- Zein izan da urte hauetan ikastolan izandako aldaketarik handiena?
J.O.: Aldaketa handiena nire egitekotan egon da. Zuzendaritzako egin beharrak nahiko desberdinak dira irakasle baten zereginekin alderatuta eta horretan sentitu dut aldaketarik handiena. Hala ere, zuzendaritzan sartu ginenean klaseak ematen jarraitzea erabaki genuen. Uste dut honek asko lagundu digula zuzendaritzako zereginak egokiago aurrera eramaten. Ikasleekin zuzeneko harremana izaten jarraitu dugulako eta ikasleek zuzendariak gertu sentitu gaituztelako.
M.A.: Hiru zuzendari izatea bera bada aldaketa handia. Hiruron arteko lan banaketa, hiru etapa desberdinetakoak, uztartu eta osatzeko modua ere. Kulturaniztasunean ipini den begirada ere aipagarria da. Atzerritarrak guregana ekartzeko eta gu beraiengana hurbiltzeko ezarritako pausoak, bileretako itzulpengintza…
M.L.: Saiatu gara Ikastola osatzen dugun guztion arteko harremanak sendotzen eta Ikastola gizartean etengabe dauden aldaketetara egokitzen.
- Zertaz gozatu duzue gehien zuen ardura postu honetan?
M.L.: Ikastola osatzen dugun talde eta norbanakoak, bakoitzak bere arlotik zer lan egiten duen ikusteko balio izan dit eta lan hori ezagutzeko aukera oso positiboki baloratzen dut. Asko ikasi dudan sentsazioa daukat.
M.A.: Gauza asko izan dira gozatu arazi didatenak. Lehenik eta behin Miren eta Joanesekin izan dudan konplizidadea, babesa. Momentu gogorrak bizi izan ditugu eta elkarren laguntza izan dugu. Zer esanik ez momentu onetan ere, parre asko egin dugula, konfiantza handia izan baitugu elkarrekin. Elkarren bidelagun izan gara. Elkarrekin heldu genion erronkari eta elkarren ondoan izan gara beti.
Lankideengandik jasotako ulermena, babesa, animoak, laguntza…ere etengabeak izan dira. Asko zaindu naute eta ederra da zaindua eta maitatua sentitzea!!
Familiekin etengabeko harremana izateak, hauek ere gure proiektuaren parte sentitzeak, parte hartzeak, auzolanak…gozamena eman didate.
Eta ikasleak? Zer egingo nuke haiek gabe! Ikastolara sartu orduko egiten dituzten irriparreek arazo eta kezka guztiak ahaztu arazten dituzte eta momentu zoragarriak biziarazi dizkigute. Beraiengandik ikasten dugu gehien.
J.O.: Ikaragarri ikasi dut zuzendaritzan egon naizen urteetan eta jendearekin harreman oso politak egin ditut, Mari eta Mirenekin gehienbat. Asko lagundu didate behar izan dudanean.
Orokorrean Ikastolako komunitate osoaren babesa sentitu dut urte hauetan, eta hori uste dut oso garrantzitsua dela hainbat erabaki hartzerakoan. Ikasleen, gurasoen eta irakasleen aldetik, batzuetan beraien gustuko erabakiak hartu ez arren, zaindua sentitu naiz eta hau eskertzekoa da benetan.
- Nolako harremana izan duzue ikasleekin, irakasleekin eta familiekin? Harreman horiek nola eragin dute zuen jardunean?
J.O.: Lehen esan dudan moduan erabaki desberdinak hartu behar direnean ez dira izaten denen gustokoak. Erabaki horien aurrean erantzuna oso ulerkorra izan da ikasle, guraso eta irakasleen aldetik eta hori oso garrantzitsua da. Eguneroko lanean babes hori sentitzeak lana lasaiago egite dakar eta eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen ikasle, guraso eta irakasleei.
M.A.: Harremanak, ze garrantzitsuak! Dena dago harremanen inguruan! Aurreko erantzunean aipatu dudanari gehituz esango nuke harremana oso ona izan dela. Egoten dira gora beherak, une zailak, baina bakoitzari dagokigun tokian egotea tokatzen zaigu eta bestearen tokian ipini ezkero eta ulermena eta enpatia badaude aurrera egiten da. Nik hala sentitu dut eta saiatu naiz bide hori jarraitzen. Eragin zuzena du eguneroko jardunean eta aipatu ditudan ezaugarriak betetzen badira eguneroko jardunari etekin handiagoa ateratzen zaio, alde positiboa bilatzen zaio, eraikitzailea.
M.L.: Hiru zuzendariok gure jardunaren erdia zuzendari lanetan aritu gara baina ikasleekin aritu gara beste jardunaren erdia. Gelan, ikasleekin egunero mantendu dugu harremana eta irakasleekin ere egunerokoan aritu gara, beraiekin batera lanean. Oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Familiekin izan dugu agian harreman desberdina baina guztiz aberatsa.
- Zein dira harro sentiarazten zaituzteten lorpen nagusiak?
M.L.: Egoera, arazo edo zailtasunen aurrean,ekintzak eta beharrak egokitzen saiatu gara. Ez dago dena aurreikusterik eta moldatzen jakin dugula uste dut. Saiatu behintzat saiatu gara.
M.A.: Lorpen nagusia komunitate osoari dagokio. Guztion artean eusten ari gara Ikastolako proiektuari. Ikastolako proiektua bakarra da eta erantzunkizuna guztiona. Oso erantzun orokorra izan daiteke, baina orokortasun horretaz nago oso harro.
Gauzei bere garrantzia ematen erakutsi dit guzti honek, alde onak ateratzen eta aurrera begiratzen. Segurtasuna eman dit.
Pertsonalki ere eragin didala uste dut. Barruan gordeta, buruan ere gauza asko eramatekoa naiz etxera eta ikasi dut gauzak maila batean behintzat banatzen. (Horretan ikasleek asko lagundu didate) Bizitza pertsonala ere badugu eta horrek ere asko ematen digu, eskertzekoa. Familia, lagunak… hainbeste ematen digun hori baloratzen ere lagundu dit guzti honek. Oso harro nago.
J.O.: Lorpen konkretu asko etortzen zaizkit burura baina uste dut bat izan dela nagusia. Ikastolako komunitateak eman digun babesak sortu duen lasaitasun eta giro ona azpimarratuko nuke. Egunerokotasunean aurrera egiteko uste dut giro atsegina izatea Ikastolan ezinbesteko osagaia dela eta guk honela sentitu dugu behintzat.
- Zer erronka nagusi izan dituzue zuzendaritzan egon zareten bitartean, eta nola egin diozue aurre?
M.A.: Erronka nagusia gure proiektua da, osotasunean hartuta. Denon artean daramagu aurrera eta zoragarria da. Dena den izan ditugu berezitasun batzuk gure ibilbidean:
Zuzendaritza hartu eta gainean genuen pandemia, ze gogorra!
Hezkuntza legea daukagu baita ere, oztopo asko ipintzen ari zaizkigularik.
Eta beste maila batekoa eta noski, atseginagoa, Kilometroak.
Eta egunero sortzen diren erronkatxoak…
Nola egin diogun aurre? Elkarri lagunduz, asko hitz eginda, ordu asko pasa ditugu bata bestearekin. Gauza bakoitza bere lekuan kokatzen saiatu gara eta asko ikasi dugu horretan. Eta lehen aipatu bezala ez gara bakarrik egon, komunitate osoari tokatu zaio era batera edo bestera aurre egitea aipaturiko erronka guztiei.
J.O.: Erronka asko izan ditugu baina lehen esan dizudana uste dut gakoa dela beste erronka guztiei aurre egiteko. Giro atseginik ez badago, hartzen diren erabaki guztiak kolokan leudeke eta honek sorrarazten duen ezinegona handia izango litzateke. Ikasleen ebaluazio sisteman aldaketak egitea, ikasleen jarraipenean eta tutoretzetan aldaketak egitea…ezinezkoak dira babes hori izan ezean.
M.L.: Lehenengo bi urteak nahiko gogorrak izan ziren, pandemia eta Hezkuntza Legearen eraginez. Hasiera ezohikoa izan genuen. Baina momentuko beharrei erantzuten saiatu gara eta bide honetan zuzendaritzan hiru izateak asko lagundu dit. Hirurok asko partekatu dugu dena elkarrekin, bidea batera hasi genuen eta oso ongi ulertu dugu elkar, elkarri entzunez, koordinatuz baina etapa bakoitzaren berezitasunei kasu eginez. Plazer bat izan da horrelako bidelagunak izatea.
Hirugarren urtean berriz, Kilometroak antolatzea egokitu zitzaion gure Ikastolari. Oso urte emankorra izan zen, komunitatea osatzen dugunok elkarrekin lanean aritzea oso aberasgarria izan zen eta gure ikastolan horrelako indarra ikusteak benetan poztu egin gintuen.
- Zer aholku emango zeniokete hurrengo zuzendaritzari?
M.L.: Lasai hartzeko eta poliki-poliki datozkion erronkei banan-banan heltzeko. Jende oso baliagarria dugu inguruan eta taldean dena errazago egiten da.
J.O.: Indar handiarekin datozela iruditzen zait Maitane eta Iñigo eta indar horrek Ikastola hobetzen lagunduko duela zalantzarik ez daukat. Ideia berriekin datoz eta Marirekin batera uste dut oso talde sendoa osatuko dutela. Zuzendaritzak norabide jakin batean egingo du gogor lan eta Ikastolako ikasle, guraso eta irakasleak ondoan behar gaituzte. Lan ederra egingo dutela eta gure ikasleen onerako izango dela lan hori ez daukat inongo zalantzarik.
M.A.: Lehenbizi ongi etorria emango diet, eta eskerrak emango dizkiet hain gogotsu ikusten ditudalako. Lasaitasun mezua ere emango diet, hasierak ez baitira errezak izaten baina bidelagun izango gara elkarrekin.
Beraiek diren bezalakoak izaten jarraitzeko esango diet, irekitasuna izan dezatela guztientzat, entzuteko jarrera izateko, besteen lekuan jartzeko jarrera, hausnartzeko eta eraikitzeko.
- Zer desio duzue ikastolaren etorkizunaren inguruan?
J.O.: Ikastola ikasleei erantzuteko dagoela uste dut eta beraien beharretara egokitu behar dugula deritzot. Ikastolako ikasle guztiak Ikastolara gustura etortzea uste dut izan behar duela gure helburua, beraiek garatu behar dituzten konpetentziekin ahaztu gabe noski. Ikastolako agente guztiok jarri behar dugu ikasleen lekuan eta hortik gure ikastola eraikitzen jarraitu. Lan hori Ikastolan ez da sekula amaituko eta beti saiatu behar dugu ikasleen beharrak zein diren identifikatzen eta horren arabera aldaketak egiten.
M.L.: Orain daukagun indar eta inplikazioari eustea eta berrikuntzarako eta egokitzeko grinarekin jarraitzea.
M.A.: Ikastolaren etorkizuna gure ikasleek egingo dute eta badugu guztion artean diseinatutako ikasle profila. Ikaslea izan behar dugu ardatz. Ikaslea ardatz duen komunitate sendo bat izaten jarraitzea desio diot, euskalduna, Ikastolarengan eta bere proiektuarengan sinesten duena. Azken finean, etorkizun zoragarria desio diot!
- Mezu bat bidali nahi al diozue ikasleei, irakasleei edo komunitateari oro har?
M.L.: Eskerrikasko batekin bukatu nahiko nuke; izan ere, arlo pertsonalean naiz profesionalean asko ikasi dut eta esperientzia guztiz positiboa izan da.
M.A.: Hainbeste gauza esango nizkieke… Bihotz-bihotzetik eskerrak ematen dizkiet guztiei. Bizitzako etapa guztiek uzten dute marka bat eta nik badut jada betirako geratuko zaidana, ederra! Kuku berezi bat egin nahi diet Miren eta Joanesi, bihotz-bihotzetik ateratzen zait eskerrak ematea hain ondo zaintzeagatik. Zoragarriak zarete!
J.O.: Eskerrak ematea besterik ez zaidala tokatzen uste dut. Lehenik ikasleei, eman didaten babesagatik eta egunerokotasunean eman didaten goxotasunagatik, mila esker. Gurasoei ere eskerrak eman beraiek nire lana egiteko askatasuna eman didatelako. Azkenik irakasleei, maiz beraien gustukoak ez diren erabakiak hartuta ere lanean jarraitu dutelako fin. Ikastola gure etxe moduan sentitzen dut nik eta ahalegina egiten jarraituko dut Ikastola bikaintasunera bideratzeko.
- Hitz gutxitan, nola definituko zenukete zuzendaritzan bizitako esperientzia?
M.A.: Lankidetza, ikaskuntza, eskertza.
M.L.: Aberatsa eta ilusioz betea.
J.O.: Intentsitate handikoa eta asebeteta sentiarazi nauena.