Ikasitakoa biziz: kulturaz, kirolez eta emozioz betetako amaiera
2025-06-19
Ikasturtearen azken txanpa aprobetxatuz, DBHko ikasleek hainbat ekintza berezi burutu dituzte, hezkuntza-esparrutik haratago, esperientzia osasuntsuak eta aberasgarriak bizitzeko aukera izan dezaten.









DBH 1eko ikasleek bertso ekitaldi polit bat egin zuten Erabilera Anitzeko gelan, bertso ikastaroari amaiera emateko. Ekitaldian, ikastolako ikasle diren Suhar Gesalaga eta Joanes Azpillaga izan ziren gonbidatu bereziak, eta bertaratutakoek bertsolaritzaren giroaz gozatzeko aukera izan zuten.
Bestalde, “Kantuan doinuak hauspotuz” emanaldia ere ospatu zuten. Roberto Etxebarria musikariaren eskutik, kopla zaharren mundura gerturatzeko parada izan zuten. Doinu tradizionalak eta hainbat musika tresna erabilita, koplen bidez jolasean aritu ziren ikasleak, dantza eta musika uztartuz saio dinamiko eta parte-hartzailean.
Ikasgelatik kanpo, naturaz eta kirolaz gozatzeko aukera ere izan zuten. DBH 1eko ikasleak Zumaian arrauna praktikatzen aritu ziren, eta baita Loiolan herri kirolen saio berezi batean parte hartzen ere. Bestalde, DBH 2ko ikasleak Zumaian izan ziren berriz ere, oraingoan kayak egiteko asmoz, beti ere begirale adituek lagunduta.
Gainera, hainbat irteera kultural ere egin zituzten: tren museora bisita gidatua, non antzinako eta egungo trenaz informazio aberatsa jaso zuten, eta Azkoitiko Zientzia Azokara oinez egindako irteera, bidegorritik. Azoka horretan zientziarekiko interesa piztu eta ikerketa proiektu berriak ezagutzeko aukera izan zuten.
Azkenik, ikasturteari amaiera emateko, Xoxotera igoera egin zuten. Attolatik abiatu eta ikastolaraino jaitsiera burutu zuten, mendiaren ederraz gozatuz. Aterpetxean hamaiketako goxo batekin borobildu zuten eguna.
Kultura eta kirola uztartzen dituzten jarduera hauekin, ikasleek elkarbizitza sustatzeko eta beren hazkunde pertsonalerako aukera paregabea izan dute. Ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, esperientzia ahaztezinak bizi izan dituzte.