Olatuen gainetik, iraganaren aztarnetara

2025-06-19

Azken bi asteetan, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek ekintza berezi eta aberasgarriak burutu dituzte ikasturteari amaiera emateko helburuarekin. Kultura, kirola eta oroimen historikoa uztartuz, hainbat esperientzia bizi izan dituzte.

DBH 3. mailako ikasleak Zarautzera joan ziren eta han surf ikastaroa egin zuten. Jarduera honi esker, kirola eta itsasoa uztartzeko aukera izan zuten, talde kohesioa eta bizimodu osasuntsua sustatuz.

Bestalde, DBH 4. mailako ikasleek ekintza bikoitza burutu dute. Alde batetik, lehen sorospenen ikastaro praktikoa jaso zuten DYA elkarteko boluntarioen eskutik, larrialdi egoeren aurrean nola jokatu ikasiz. Bestetik, Azpeitiko Oroimen Historikoaren ibilbidea egin zuten, baina oraingoan berrikuntza batekin: ikasleek beraiek izan ziren gidari.

Azken jarduera honetan, ikasleek aurrez ikerketa lana egin zuten Gerra Zibila eta frankismoaren garaian Azpeitian gertatutako hainbat gertaera historiko aztertuz. Ikerketa horren emaitzak bost gune esanguratsutan aurkeztu zituzten: Loiolan, Loiola Bataloiaren inguruko azalpenak eskaini zituzten; anbulategian, frankismo garaiko kartzela eta errepresioari buruzko informazioa partekatu zuten; Perez Arregi plazan, Hankaundi pertsonaiaren bidez, irabazleen kontakizun historikoaren manipulazioa azpimarratu zuten; Udaletxean, botere politikoaren eskuratzea izan zen hizpide; eta Batzokiaren aurrean, berriz, gerraostean abertzaleek jasandako errepresioa eta erbestea izan zituzten mintzagai.

Ekintza horiek guztiak ikasturteari amaiera emateko antolatu dira, eta ikasleek ezagutza, esperientzia eta bizipen baliotsuak eskuratu dituzte kultura eta kirolaren bidez.