Egitura pedagogiko anitzak
Ikaskuntza, pertsonak kanpotik barrurantz eta barrutik kanporantz egiten duen prozesua da. Bi norabide hauek kontuan izanik hiru egitura pedagogiko jorratzen ditugu ikastolan.
IKASTE GIDATUA
Azalpenetan, tailerretan… oinarritutako irakaskuntza da. Kanpotik barruranzko prozesua bideratzen du. Heldu edo haur-gazte batek, aditu moduan, hainbat trebezia edo gaitasun partekatzen ditu besteekin. Besteek ezagutzen ez duten zerbait erakusten die, ikasketa honek, modu autonomoan, gaian sakontzeko gogoa piztu dezan eta ondoren beren erronkak gauzatzerako garaian erabili ahal izateko.

IKASKIDETZAN OINARRITUTAKO IKASTE AKTIBOA
Ikas-irakaskuntza prozesua modu egokian eman dadin garrantzitsua da motibazioa sustatzea eta horretarako ikaskuntza aktiboan oinarritzen gara. Arazo egoera, interesetatik nahiz testuinguru errealekin lotutako gaietatik abiatuta, erronka suposatzen duten proiektu propioak lantzen ditugu. Proiektu horiek talde kooperatiboetan bideratzen ditugu ikaskidetza bultzatuz: helburu komun bat identifikatuz, elkar menpekotasun positiboa landuz, bakarkako konpromisoa hartuz eta aurrez aurreko komunikazioa bultzatuz.

IKASTE ESPERIENTZIALA
Zirkulazio Autonomoaren bitartez, haurrei esperimentazioaren bidez ikasteko aukera ematen diegu. Horretarako espazioa mikro espazioetan antolatzen dugu eta material desberdinak manipulatuz, arlo guztietako proposamenei erantzuna ematen diote. Proposamen hauek haur bakoitzaren erritmora egokituak izaten dira eta aniztasunari erantzuteko mailakatutako aukera anitzak eskaintzen dituzte.


