2025-09-17

Zuzendaritza talde berria: Guretzat funtsezkoa da familiak ikastolaren proiektuaren parte sentitzea

Ikasturte berriaren hasiera beti izaten da une berezia, eta aurtengoa are bereziagoa da guretzat: zuzendaritza talde berria dugu Ikastolan: Haur Hezkuntzan Maitane Etxeberria, Lehen Hezkuntzan Mari Azkue eta Bigarren Hezkuntzan Iñigo Unanue.

Aldaketa honek aukera paregabea eskaintzen digu gure hezkuntza komunitatearen inguruan berriro hausnartzeko, norabidea finkatzeko eta etorkizunera begirako erronkak elkarrekin eraikitzeko. Ilusioz beterik, eta lan egiteko gogo biziz, gaurkoan talde berri honetako kideak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu.

Elkarrizketa honen bidez, beraien ibilbidea, ikuspegia eta ikastolarako dituzten helburu nagusiak partekatuko dizkigute. Beraien ahotik entzungo dugu zein baloreetan oinarrituko duten beren jarduna eta zer ekarpen egin nahi dioten gure komunitateari.

Beraz, ongietorri beroa eman diezaiogun zuzendaritza talde berriari, eta has gaitezen elkarrizketan!

  • Zein dira zuzendaritza taldean sartzean dituzuen helburuak eta lehentasunak?

Lehenik eta behin, zuzendaritza taldearen eguneroko jarduera sakon ezagutzea eta taldekideen arteko elkarlana ahalik eta eraginkorren bideratzeko dinamika egokiak ezartzea ditugu helburu nagusi gisa. Aurreko zuzendaritzen lan bikaina eta konpromiso irmoa ikusita, errespetu eta esker on handia sentitzen dugu eta horren gainean eraiki nahi dugu.

Ikastolak gugan duen konfiantzak ilusioa eta indarra ematen digu, eta horixe da ardura berriei gogotsu aurre egiteko gure indar nagusia.

Bestalde, oso jakitun gara ardura handia hartzen dugula gure gain, eta erabaki bakoitzak eragina duela ikasleen etorkizunean. Horregatik, konpromiso irmoz eta ardura osoz egingo dugu lan, taldearekin elkarlanean, proiektuak koherentziaz eta eraginkortasunez garatuz. Ikastola hau denon etxea denaren sentimendua guretzat funtsezkoa da.

  • Zein ilusio edo motibazio nagusik bultzatu zaituzte ardura hau hartzera?

IÑIGO: Ikastolara sei urte nituela iritsi nintzen Urrestillatik, eraikina estreinatzera, eta bertan burutu nituen nire ikasketak batxilergoa amaitu arte. Unibertsitate garaian Ikasberri Kirol Elkartean entrenatzaile lanetan aritu nintzen eta gazteekin sortutako harremanak nire bokazioa hezkuntzan aurkitzera eraman ninduen. Azken urteetan irakasle bezala dihardut, garai batean nire irakasle izan ziren askorekin elkarlanean, eta esperientzia ederra da benetan. Orain, ardura hau hartzera bultzatu nauena jasotako guztia itzultzeko aukera izatea da. Zalantzarik ez daukat nire bilakaera pertsonal eta profesionalean ikasteko eta hazteko bide emango didan erronka garrantzitsua izango dela.

MARI: Irakasle lanetan urte asko pasatu ditut ikastolatik kanpo, baina begirada zuzena jarria izan dut ikastolaren izaeran, metodologian, eta proiektuan orokorrean. Guraso bezala eta, aldi berean, irakasle bezala bertan lan egiteak ikastolaren proiektuan zuzen-zuzenean bizitzeko aukera eman dit eta oso eskertuta nago jaso dudan konfiantzaz, familiako kide sentitzen bainaiz.  Ardurak hartzera bultzatu nauena da, batetik, ikastolak gure gizartean eta gure haur eta gazteen heziketan duen funtsezko papera. Ilusio handiz  bizi dut aukera hau, ikasleen garapenean laguntzeko eta gure balio propioen transmisioan ekarpena egiteko tresna gisa. Bestetik, oso motibatuta nago komunitate osoarekin —irakasleak, familiak eta ikasleak— elkarlanean aritzeko, ikastola etengabeko hobekuntzan eta etorkizunari begira sendo mantentzeko. Azken finean, ilusio handiena da ikastolak sortzen duen bizipoza eta konfiantza partekatua zaintzea eta indartzea.

MAITANE: Irakasle ikasketak amaitu ondoren herriko eskola batean aritu nitzen lanean  hiru urtez. Ondoren, hamabost urtez Usurbilgo Ikastolan lan egiteko zortea izan nuen.  Bertan helarazi zidaten zer den Ikastola, nondik gatozen, zeren parte garen. Ikastolan ez zara langile soil bat, bertako parte zara. Hango langile nintzela ama bihurtu nintzen eta ez genuen zalantzarik izan Ikastolara ekarriko genituela gure seme alabak. Herriko Ikastolara, gure umeak etxean bezala sentitu izan diren Ikastolara. Orain dela 10 urte izan nuen hemen lana egiteko aukera. Garai hartan eraldaketa pedagogikoan zeuden bete betean hemen. Atzera begirada botatzen badut, jabetzen naiz oso urte interesgarriak eta emankorrak izan direla. Ilusio handia egiten dit proiektu honetan ahal dudan guztian laguntzea eta nire aletxoa jartzeak.

  • Zein balore indartu edo nabarmendu nahi dituzue ikastolaren eguneroko jardunean?

Gure helburua gure identitatearekin bat datozen gazteak heztea ezezik,  aldi berean gaurko eta biharko erronkei erantzuteko gaitasuna izango duten pertsonak garatzea da. Hori horrela, bost bereizgarri hartuko ditugu kontuan: euskalduna, barne-sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea , eraldatzailea eta kooperatiboa

  • Zein erronka identifikatzen dituzue epe motz eta ertainera begira?

Epe motz eta ertainera begira, hainbat erronka ditugu mahai gainean, eta guztiak ere gure proiektuaren ardatzetan eragiten dute.

Lehenik eta behin, gure proiektu pedagogiko berritzaileekin aurrera egitea dugu helburu, ikasleen ongizatea erdigunean jarrita. Uste dugu hezkuntzaren eraldaketa benetakoa izateko ezinbestekoa dela ikaslearen garapen integrala zaintzea —emozionalki, sozialki zein akademikoki—, eta horrek etengabeko hausnarketa eta berrikuntza pedagogikoa eskatzen du.

Horrez gain, kezka bat dugu matrikulazioaren inguruan, eta horren atzean dagoen jaiotza-tasa jaitsieraren eraginean. Erronka handia da, eta aurre egiteko estrategiak garatzen ari gara: gure proiektuaren balioa eta berezitasuna gizarteratzea, familiei harrera ona eskaintzea eta ikastolaren funtzio sozial eta kulturalaz jabetzea, besteak beste.

Bestalde, gure gizartean hain azkar hedatzen ari diren teknologia berriak eta adimen artifiziala ere funtsezko erronkak dira. Baliabide digitalen presentzia gero eta handiagoa da hezkuntzan, eta gure erronka da horien erabilera pedagogikoari zentzua ematea, betiere modu arduratsuan.

Azkenik, Hezkuntza Lege berria testuinguru zailean dator, eta horren aurrean gure ardura da ikastola zaintzea, bere izaera eta autonomiaz eta eredutasunez jarduteko aukera bermatuz. Gure proiektu propioaren alde egiten jarraituko dugu, eta legedian ematen diren aldaketen aurrean adi egongo gara, hezkuntza komunitatearekin batera erantzun sendo eta bateratuak emateko.

  • Zein proiektu berri sustatu nahiko zenituzkete ikastolan hurrengo urteetan?

Alde batetik, ikaskuntza kooperatiboan sakontzen jarraitzea nahiko genuke. Gure azken helburua ikasleen garapen osoa bermatzea da, bai arlo akademikoan, bai pertsonalean eta sozialean. Ikaskuntza kooperatiboa ikasleen arteko lankidetza aktiboan oinarritzen den metodologia da, non ikasle guztiek elkarrekin lan egiten duten helburu komun batzuk lortzeko. Lan egiteko modu honek ikasleen motibazioa, parte-hartzea eta erantzukizun pertsonala sustatzen ditu, eta ikasleen arteko harremanak eta gaitasun sozialak indartzen laguntzen du.

Gainera, ONKI programa inplementatu nahi dugu hurrengo ikasturteetan. ONKI programa Ikastolen Tutoretza marko berrian oinarritutako Plan Integrala da. Gure ikastolan ikasleen garapen integrala lehenesten dugu, eta programak horretan lagundu nahi du. Beren bizitzako etapa erabakigarri honetan, funtsezkoa da ikasgelan segurtasun- eta konfiantza-loturak sortzea, gazteak motibatuta, errespetatuta eta baloratuta senti daitezen.

Bestalde, kulturartekotasunaren lanketa integrala bultzatzen jarraituko dugu, gure ikasleek mundu anitz eta askotariko honetan bizitzeko tresna egokiak eskuratu ditzaten. Berrikuntza gisa UEMA-k, udalak eta udal euskaltegiak, ‘Euskara eta kulturartekotasuna’ egitasmoaren baitan, euskaraz ez dakiten gurasoek euskara ikasteko aukera izan dezaten ikastaro bereziak martxan jarriko dira aurten eta zuzendaritzatik bultzada eman nahi diogu egitasmo honi.

Azkenik, ikastetxeko zuzendaritzatik, komunitate osoaren ongizatea lehenesten dugu. Uste dugu giro seguru eta lagungarri bat funtsezkoa dela hezkuntza prozesurako, eta horregatik, entzute aktiboa eta elkarlana bultzatu nahi ditugu guztion artean. Hori lortzeko hainbat egitasmo martxan jartzea da helburua.

  • Zuen ustez, zein da ikastolaren indargune nagusia gaur egun? Eta indartu beharreko alor bat?

Gure ustez, ikastolaren indargune nagusietako bat etengabeko eraldaketa pedagogikoan murgilduta egotea da, beti ikasleen beharretara egokitzen saiatuz, metodologia aktibo eta berritzaileekin. 0-18 urte arteko etapa guztiak eraikin berean izateak, eta irakasle taldeen egonkortasuna eta finkotasunak, gainera, aukera paregabea ematen digu ikasleen jarraipen pertsonalizatua egiteko eta gertutasunean oinarritutako harreman sendoak eraikitzeko, bai ikasleekin eta bai familiekin.

Era berean, kooperatiba izaerak eta komunitatearen konpromisoak indar handia ematen diote gure hezkuntza proiektuari: guztion artean, parte-hartze aktiboaren bidez, ikastola bizia eta partekatua eraikitzen dugu.

Indartu beharreko alorrei dagokienez, uste dugu baditugula hainbat erronka esanguratsu.
Batetik, gizartea gero eta indibidualistagoa bihurtzen ari da, eta horrek komunitatearen kohesioa eta parte-hartzea zaintzea eskatzen digu. Ikastolaren izaera parte-hartzailea bizirik mantentzea funtsezkoa izango da epe ertainera.

Bestetik, euskararen erabileraren bilakaera eta kulturartekotasunaren erronka uztartzea dagokigu: euskararen transmisioa eta erabilera sustatu behar ditugu, baina aldi berean ikasle anitzen errealitate kulturala kontuan hartuta. Oreka hori lantzea funtsezkoa da hezkuntza proiektu inklusibo eta eraginkor bat eraikitzeko.

Azkenik, teknologia berrien —eta bereziki IAren— erabilera pedagogiko arduratsua da erronka nagusienetarikoa. Aukera asko eskaintzen ditu, baina horrek prestakuntza, hausnarketa pedagogikoa eta erabilera etikoaren inguruko lanketa eskatzen du, bai irakasleen eta bai ikasleen aldetik.

  • Nola irudikatzen duzue zuen lidergo estiloa talde-lanean eta komunitatearekin harremanetan?

Gure lidergo estiloa hurbiltasunean eta elkarlanean oinarritzen da. Uste dugu zuzendaritza ez dela goitik beherako agintaritza kontu bat, baizik eta talde oso batek elkarrekin hartu eta eraikitzen dituen erabakien emaitza. Horregatik, entzute aktiboa eta elkarrizketa dira gure lan egiteko moduan funtsezko tresnak.

Talde barruan, denon ekarpenak aintzat hartzea eta errespetuzko giroa zaintzea garrantzitsua da guretzat. Gainera, komunitatearekin —familiekin, ikasleekin, langileekin— harremanetan ere, gardentasuna eta gertutasuna sustatzen ditugu: konfiantzan oinarritutako harremanak nahi ditugu, denok parte eta eragile sentitzen garelarik

  • Zein harreman izan nahi duzue gurasoekin eta familiekin?

Guretzat funtsezkoa da familiak ikastolaren proiektuaren parte sentitzea. Gurasoekin eta familiekin harreman hurbil, irekia eta konfiantzazkoa eraiki nahi dugu. Hezkuntza ez da soilik ikastolan gertatzen den zerbait, eta haurren ongizatea eta garapena guztion arteko lankidetzaren fruitua da.

Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu komunikazioa gardena eta etengabea izatea, entzute aktiboa bultzatzea eta familiei iritziak, proposamenak eta kezkak partekatzeko espazioak eskaintzea. Elkarlanean lan eginez, askoz aberasgarriagoa da hezkuntza-prozesua.

  • Nola jaso nahi dituzue ikasleen, irakasleen eta familien iritziak edo proposamenak?

Uste dugu komunitate osoaren parte-hartzea funtsezkoa dela ikastolaren garapenerako. Horregatik, ikasleen, irakasleen eta familien iritziak jasotzeko hainbat bide zabal eta garden eskaintzen ditugu.

Adibidez, bilera iraunkorrak antolatzen ditugu talde bakoitzarekin, non giro irekian iritzia eta proposamenak partekatu daitezkeen. Halaber, inkestak eta galdetegiak ere erabiltzen ditugu, ikuspegi zabala izateko eta modu anonimoan ere parte-hartzea bultzatzeko.

Era berean, batzorde edo lan-talde mistoak sortzen ditugu, non komunitateko hainbat kide elkartzen diren, proposamen konkretuak lantzeko eta ikastolaren proiektuan zuzenean parte hartzeko. Horrela, konfiantzaren eta elkarlanaren bidez, ikastola elkarrekin eraikitzen jarraitzea nahi dugu.