Hiru objektu, mila sentimendu

2025-09-30

Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek kohesioari buruzko ariketa berezi eta hunkigarria egin dute: ikasle bakoitzak bere hiru objektu kuttunenak ekarri ditu etxetik, eta gelakide guztien aurrean aurkeztu ditu.

Objektu hauek –argazkiak, peluxe zaharrak, liburu bereziak, familiako oroigarriak eta beste hainbat altxor pertsonal– bakoitzaren bizitzaren zati bat dira, eta haien bidez, ikaskideek elkar hobeto ezagutzeko aukera izan dute.

Aurkezpenen ostean, objetu guztiekin erakusketa xume baina bihotz-betegarri bat antolatu dugu gelan. Ikasleek elkarren bizipenetan sakontzeko parada izan dute, eta giro goxo eta errespetuzko batean partekatu dituzte euren emozioak, oroitzapenak eta istorioak.

Hezkuntzan, kohesioa ez da helburu osagarri bat, baizik eta oinarria. Gure ikastolan argi dugu: ikasleak ez ezik, pertsonak hezten ditugu. Pertsona bakoitzaren berezitasunak balioetsi, eta taldean ikasten eta hazten ikastea funtsezkoa da garapen osasuntsu eta orekatu baterako.

Horrelako jarduerek elkar ulertzea, enpatia eta talde-sena sendotzen dituzte, eta komunitate sendo eta zaindu baten alde lan egiteko bidea ematen dute. Gaurkoan, objektu kuttunek bihotzak batu dituzte, eta gure gelako harremanak sendoago bihurtu dira.

Hezkuntza emozionala eta pertsonala, gure eguneroko lanaren bihotzean dago. Eta gaur, berriz ere, ikusi dugu norabide egokian goazela.