2025-10-01

ERRONKA egitasmoko ordezkariak (DBH 3): Kirolaren bitartez jendea ezagutu eta ondo pasatzea nahi dugu, euskarari gure babes irmoa agertuz

Aurten ere martxan da ERRONKA, 14-16 urteko gazteei zuzendutako egitasmo berezia, Kilometroen festaren baitan. Ekimen honen helburu nagusiak argiak dira: gazteen parte-hartzea sustatzea eta haien protagonismoa indartzea festa giroan. Gure ikastolan, DBH 3. mailako ikasleek hartuko dute parte ordezkari gisa, eta egitarau ofizialean txertaturik, goizean zehar zenbait proba ikusgarriz osatutako jarduera berezia burutuko dute.

ERRONKAk, dibertsioa eta lankidetza uztartuz, gazteek euskararen aldeko jaian duten papera nabarmendu nahi du. Horren harira, gure ikastolako taldearen ordezkari gisa Amane Urbieta, Izar Uzkudun eta Iraia Urrestillarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Haien asmoak, ilusioak eta ekarpenak gertutik ezagutzeko parada izan dugu, eta argi utzi dute gogoz eta indarrez hartuko dutela parte ekimen honetan.

  • Zertan datza Kilometroetako ERRONKA ekimenak?

Gipuzkoako hamalau ikastolatako ikasleok parte hartuko dugun ekimena da. Hainbat proba egingo ditugu, besteak beste herri kirolak, bertsolaritza, kultura ezagutzei buruzko galdeketa, koreografia eta jaki bat sukaldatzea. Hala ere, ekimenak aitzakia moduko bat dira euskararen erabilera eta elkarbizitza sustatzeko.

  • Zer izan da zuen taldearen mezu nagusia Erronkak lehiaketarako?

Kirolaren bitartez jendea ezagutu eta ondo pasatzea nahi dugula, euskarari gure babes irmoa agertuz.

  • Nola antolatu zarete taldean lan egiteko? Zer lan banaketa egin duzue, eta zergatik?

DBH 3. mailako 17 ikasle gara eta bilerak egin ditugu erronka prestatzeko. Elkartu ginenean denon ideiak uztartzen dituen bideorako gidoia prestatu genuen eta jarraian jolasordu batean bideoa grabatu genuen. Hasieran bideo laburrak grabatu genituen bikoteka eta azkenik bideoa editatu genuen. Lanak ondo banatzea izan da hartu dugun erabirik onena.

  • Zer sormen-elementu txertatu dituzue zuen proiektuan? Zerk egiten du zuen proiektua berezi edo desberdin beste taldeen aldean?

Bideoan gure ikastola aurkeztu eta etapa guztietan (HH, LH, DBH, DBHO) egiten den lana nabarmendu dugu. Gainera, gure ikastola kokatu dagoen ingurune naturalaren birtuteak azpimarratu ditugu, gu euskararekin, naturarekin eta kirolarekin konprometituak gauden ikasleak garela aldarrikatuz. Gainera, gure bideoa entretenigarriagoa dela uste dugu, ikastolaren ikuspegi orokorra eskaintzen baitu.

  • Zer balio edo mezu helarazi nahi diozue ikusleei?

Euskara babestea eta euskara gure bizitzako ardatza dela jakinarazi nahi izan diogu ikusleei. Hain zehazki ere, Azpeitia euskararen arnasgunea dela azpimarratu nahi izan dugu; horrela, euskara gure bizitzaren erdigunean kokatzen dela jabetzea nahi genuen ikusleak. Izan ere, konturatu gara beste udalerri batzuetan ez dela hain ohikoa dena euskaraz egitea. Azkenik, Azpeitian Kilometroen hiru edizio ospatu direnez, horrelako ekimenek duten garrantzia ere jakinarazi nahi genien ikusleei.

  • Zer ikasi duzue ekimen honetan parte hartuz?

Talde lanaren garrantziaz jabetu eta taldeko lana kudeatzen ikasi dugu nagusiki. Gainera, gure taldeko harreman loturak ere indartzeko balio izan digu esperientzia honek. Azkenik, taldeko lana modu arrakastatsuan egiteko gakoa denon ideiak kontuan izatea dela ere jabetu gara, ahaztu gabe ekintzak ondo planifikatu behar direla denboraz larri ez ibiltzeko.

  • Zer aholku emango zeniokete hurrengo urteetako parte-hartzaileei?

Euskararan garrantziaz jabetu eta beti euskara lehenestea, ez soilik ikastolan, festa eta aisialdi giroan ere bai.