Urtaroen jakinduria, esku artean
2025-10-07
Azken asteotan, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleak buru-belarri aritu dira udazkena gai nagusi hartuta garatu duten proiektuan. Ekimen honek ikasgelatik haratago doan ikaskuntza sustatu du, hainbat arlotako edukiak modu praktiko eta esperientzialean landuz.









LH 2. mailako ikasleek Loiolara egin zuten goiz-pasa izan zuten proiektuaren abiapuntu. Bertan, inguruko elementu naturalak bildu zituzten eta horiek baliatu zituzten matematikako hainbat kontzeptu lantzeko: elementuen pisua baskularekin neurtu zuten, kontaketa eta multzoketak egin zituzten, eta enborren zabalera metroarekin neurtu zuten. Horrela, naturarekin kontaktuan ikasi zuten, jakin-mina piztuz eta ikasitakoa esperientziaren bidez barneratuz.
Bestalde, LH 3. mailako ikasleek udazkeneko barazkiak eta frutak izan zituzten aztergai. Lehenik, produktuen prezioak ikertu zituzten herriko plazan, eta ondoren, matematika gaitasunez baliatuta, zituzten euro apurrekin zenbat produktu eros zitzaketen kalkulatu behar izan zuten. Behin lan hori eginda, ikastolan bertan azoka berezi bat antolatu zuten, ikasleen produktuak erakusgai jarriz. Azokara familiak gonbidatuak izan ziren, eta bildutako irabaziekin, ikasleek haziak erosi eta ikastolako baratzean landatuko dituzte datozen asteotan.
Mota honetako proiektuek agerian uzten dute gure ikastolak biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen duela. Berrikuntza pedagogikoan aitzindari izanik, ikasleen autonomia, ekimena eta bizitzarako gaitasunak sustatzen dira, modu esanguratsuan eta motibatzailean.