
Gorka Artola eta Oxkar Aranberri (Besoa egitasmoa): Gurasoen ekarpena ezinbestekoa da ikastolak aurrera egiteko
Urteak daramatza martxan Besoa egitasmoak, eta ikastolako proiektu sendo eta esanguratsuenetako bat da dagoeneko. Urtero, helburu bera izaten du: ikasleen beharretara egokitzea ikastolako eremuak, heuren egunerokotasuna hobetzeko. Baina proiektu honen atzean dagoena ez da soilik egokitzapen lan teknikoa. Izan ere, askotan ikusezina egiten zaigun gurasoen ekarpena eta auzolana dira motor nagusienetarikoak.
Aurten, guraso taldea berrituko den honetan, Besoa egitasmoaren egunerokoa eta filosofia gertutik ezagutzeko aukera izan dugu Gorka Artolarekin, egitasmoaren arduraduna den aldetik, eta Oxkar Aranberrirekin, ikastolako mantenuko arduraduna den heinean. Biak ala biak, barne-barnean bizi dute proiektua, eta heuren ikuspegia ezinbestekoa da ulertzeko zertan datzan benetan Besoa egitasmoak: ikastola komunitate oso baten lanaren fruitua dela.
- Zer da Besoa egitasmoa eta nola sortu zen ideia?
Gorka: Gure ikastolako eraikina gaztea da oraindik, 30 urte beteko ditu laster. Ez dugu ahaztu behar hasieran guraso taldeek auzolanean sortu zutela ikastola. Bestalde, duela 15 urte HHko eta LHko gelen egokitzapenak ere auzolanean egin ziren. Oxkar Ibargurenek hasiera haietan izandako lidergoa goraipatu nahiko nuke, eta baita eskertu hainbat eta hainbat gurasok musutruk egindako lana ere. Beraiek gabe gaurko ikastola ez zen berdina izango.
Urteak pasata, mantenuko arduraduna, Oxkar, hasi zen lanean ikastolan.
Oxkar: Bai, horrela da baina konturatu ginen nahiz eta ikastolako egunerokoa aurrera eramatea posible izan, proiektu batzuek, bere dimentsioagatik, oraindik auzolana eskatzen zutela.
Gorka: Bai, halaxe da. Auzolanak beharrezkoa izaten jarraitzen duela konturatu ginen batipat Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan proiektu pedagogiko berria martxan jartzea erabaki genuenean. Ikastola eta proiektu berri bat martxan jartzea zen helburua, txoko manipulatibo eta espazio irekiekin besteak beste, eta Artezkaritzan hausnarketa egin ostean, konturatu ginen beharrezkoa zela guraso guztien inplikazioa izatea, proiektua propio sentitzeko. Hala ere, hasieran ez genuen gurasoengana iristea lortzen. Horregatik, banakako harremanak sortzen hasi ginen eta erantzuna positiboa zela jabetu ginen.
Orduan, buruari bueltak ematen hasi ginen auzolanerako guraso taldea egonkortzeko modu egokienari buruz. Azkenean, Besoa egitasmoa gorpuztu eta talde egonkorra sortzea lortu genuen. Orain bertan 13 guraso Besoa egitasmoko kide egonkor dira, HHtik hasi eta DBHraino. Bi urtean behin berritzen da lan-taldea. Gainera, bakoitzak bere laguntzailea ekartzen badu, jada 25 kide inguruko taldea osatzeko gai gara. Azkenik, nabarmendu nahiko nuke Besoa egitasmoak gainera ezagutzak eta trebeziak partekatzeko aukera ere eskaintzen duela. Gogoan dut oraindik uda batean informatika taldea osatzera iritsi ginela, ikastolako ordenagailu guztiak programatzeko. Oso pozgarria da ikustea oraindik gaur egun ere ikastolako gauza txikienak ere egiteko edo konpontzeko auzolanaren indarra handia dela ikustea. Horrela, deialdia egiten dugun bakoitzean erantzuna positiboa da eta beti lortzen dugu lan taldea osatzea.
- Zer motatako lanak edo konponketak egiten dira auzolanean? Adibide batzuk eman ditzakezue?
Oxkar: Asko izan dira Besoa egitasmoari esker gauzatu diren ekimenak. Besteak beste, gela pintaketa egin genuen Lehen Hezkuntzan, ikastolaren inguruko sarea aldatu genuen, Haur Hezkuntzako atzekaldeko ataria ere auzolanean egin zen, COVID garaian Olatzeko konbentura gauzak eraman genituen…Ikusten duzuen moduan, ekimen asko eta asko Besoa egitasmoaren fruitu dira.
Gorka: Nabarmenu nahiko nuke, gainera, Kilometroen antolaketako arduradun izan nintzenean deialdia egin eta 50 pertsona biltzera iritsi ginela. Kilometroen egun handirako lorategiak txukundu, pintaketak egin, Xarma parkea txukundu… egin genituen. Izan ere, gurasoek jada auzolanaren filosofia barneratua dute.
- Zergatik da garrantzitsua gurasoen parte-hartzea Besoan?
Gorka: Bakoitza bere erritmora bizi den gizarte honetan, Besoa egitasmoak duen gauzarik ederrenetarikoa da ikastola gure sentitzeraino iristen garela. Jakinda beraien lanaren onuradunak beraien seme-alabak izango direla, gurasoak asko motibatzen dira ahalik eta lan txukunena egiteko.
- Parte hartzeko esperientziaz zer nabarmenduko zenuke? Giroa, harremanak, ikasitakoa…?
Gorka: Azken finean, ikastolako izaera komunitarioa indartzen laguntzen du, eta gurasoei jabetzen laguntzen die beraien ekarpena ezinbestekoa dela ikastolak aurrera egiteko.
Oxkar: Gainera, auzolaneko lana egiten dugun egunetan hamaiketakoarekin amaitzeko ohitura daukagu eta holakoetan sortzen diren solasaldietan nabarmena da parte hartzen duten gurasoak gustora sentitzen direla egindako lan eta ekarpenagatik. Oso giro polita sortzen da eta horrek ere ikastola bizirik mantentzen laguntzen du.
- Nola antolatzen da Besoa? Nola funtzionatzen du gurasoen txandaketa sistemak?
Gorka: HH 3 urteko gelako gurasoei galdeketa ematen diegu zertan den abila adierazteko eta horrek asko laguntzen digu zerrenda osatzen. Adibide gisa, HHko fundak konpontzeko arduraduna josten zuen abilezia adierazi izanagatik daukagu laguntzaile gisa. Berdina gertatzen da Inauterietako mozorroak konpontzeko ere, lantaldea osatzeko zerrenda erabili genuen erreferentzia gisa.
Jarraian, HH 3tik hasi eta DBH 4. mailarano kurtsoko ordezkari bat izendatzen da eta bi urteko konpromezua hartzen du. Horrez gain, ni, egitasmoaren arduradun gisa, eta Oxkar gaude Besoa egitasmoan. Gure artean beharrak identifikatzen goaz eta gero lehentasunak ezartzen saiatzen gara. Besoako arduradunak txandakatzen doaz urtez urte, erdiak urte batean eta beste erdia hurrengo urtean.
Oxkar: Auzolan bakoitzaren aurretik zenbat jende eta zer material behar ditugun aurreikusten dugu. Gainera, lan eguna zehazten dugunean egun horretarako zerbait eskatzea behar badugu lehenagotik lorten saiatzen gara. Behin auzolanerako eguna zehazten dugunean, ohikoena abuztu amaierako eguna izatea da, egun horretan aurreikusitako lan guztiak egun berean egiten saiatzen gara. Gogorra da batzuetan, baina horrela praktikoagoa da. Esan beharra dago dena lehenago adosten saiatzen garela lan taldearekin.
- Zer ezaugarri behar dira parte hartzeko? Edozein gurasok parte har dezake?
Gorka: Edozein gurasok parte har dezake egitasmoan; horrela, ez da beharrezkoa abilezia berezirik izatea. Hala ere, zorteko gaude eta azken urteetan boluntario aurkeztu diren guraso gehienak trebeak dira, eta hori asko eskertzen da. Gainera, askotan guraso ordezkariek ikasgelako telegram taldeetan deialdia egiten dute eta arrakasta gehiago edo gutxiagorekin baina beti lortzen dugu lanerako talde egokia sortzea.
Oxkar: Saiatzen gara modu lasaian ahal duenak ahal duen ekarpena egitera animatzen, presiorik gabe.
- Zein dira aurten egiteko dauden lan nagusiak edo erronkak?
Gorka: Ikasturtearen hasieran beharrak identifikatzea da beti lehenbizi egiten duguna. Orain justu fase horretan gaude eta zuzendaritzak eginiko eskaerak ere kontuan izan behar ditugu.Urtarrilean zehaztuko dugu urteko plangintza eta, beraz, oraingoz ez daukagu ezer gehiago aurreratzerik.
Oxkar: Gainera, askotan beharrak aztertzen ditugunean beraien konplexutasun teknikoa ere kontuan izan behar dugu urteko plangintza egiterakoan. Adibide gisa, jangela berritzeko beharra identifikatu zenean jabetu ginen obra hori egiteko profesionalei deitu behar geniela. Baina holako kasuetan ere Besoak bere ekarpena egiten du. Horrela, jangela hustu genuen obra hasi aurretik, eta gero dena bere lekuan jarri obra amaitu ostean.