2022-07-07

Ikastolen Elkartearen adierazpena

EAEko ikastolak ekainaren 29an, Durangon, Batzar berezi batean bildu ostean ondoko adierazpena egiten dugu:

   2022ko apirilaren 7an, Eusko Legebiltzarrean, hezkuntza ituna onartu zen eta EAEko Ikastolok, Eusko Legebiltzarreko alderdiek adostasuna lortzeko egindako ahalegina positibotzat jo genuen. Aspalditik aldarrikatu izan ditugun kontzeptu batzuk azaltzen ziren bertan, eta bereziki, Zerbitzu Publikoko kontzeptuaren sorrera, ekarpen handia iruditu zitzaigun.

   Zerbitzu publiko honetan, akordioan jasotako konpromisoak eta baldintzak betetzen dituzten zentro guztiek izango lukete lekua, administrazio-titularitatekoak izan ala ez. Alegia, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egongo diren ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.

   Baina azken hilabeteetan gero eta nabarmenagoa da ideia hau ez dagoela guztiz barneratua hezkuntza-komunitatean eta sindikatuetan, ezta alderdi politikoen artean ere. Eta honen adibide argiena 2022-2028 urteetarako itunen planifikazioan izan dugu. Irizpide ezberdinak aplikatu dira sare bakoitzean, eta arriskuan ikusi dugu ikastola batzuen etorkizuna. Ikastolok ez dugu balizko aukera hori onartu, eta argi aldarrikatu dugu ez dugula ikastolarik itxiko. Ondorioz, eta Hezkuntza Sailarekin elkarrizketa batzuk bideratu eta gero, arazoak zuzentzeko bidea hartu duela dirudi. Baina ez dago dena lotuta, eta oraindik zalantza eta pauso batzuk falta dira.

   Hori dela eta, EAEko Ikastolak ez ohiko Batzar bat ospatu genuen ekainaren 29an, eta hauexek izan ziren bertan elkarbanatutako ideia nagusiak eta ondorioztatutako proposamenak:

  • Hilabete hauetan hartutako erabakiek eta planifikazioaren inguruan egindako hausnarketak izan dute bere eragina gaur egungo egoeran.
  • Hezkuntza Sailak eta ikastolok akordioa lortzeko nahia adierazi dugu. Elkarlanerako prestutasuna dago bien aldetik.
  • Adostasun horretara ailegatzeko epe bat jartzea beharrezkoa ikusten dugu. Ikasturte haserako ekitaldia irailak 25ean ospatuko dugu, eta data hori izango litzateke adostasun horretara iristeko azken eguna.
  • Hezkuntza Sailak azken bileran egindako proposamena ontzat eman dezakegu, baldin eta proposamen hori Dekretu bilakatzen bada. Ezin da ahoz esandako proposamen batean geratu.
  • Behin bitartean Ikastolok pausoak ematen jarraitu behar dugu, besteak beste: planifikazioaren inguruan eztabaidatzen, barne kohesioa lantzen, estrategia bateratua bideratzen, Hezkuntza Sailean eta gizartean eragiten…
  • Hezkuntza legearen aurrean, Ikastolok gure jarrera eta posizionamendua inoiz baino sendoago finkatu behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoak zaizkigu jada abian dugun BIHAR Prozesua eta ondorengo VII. Batzarra.

   Honenbestez, argi geratu da ondo aztertu beharreko egoera baten aurrean aurkitzen garela; hilabete batzuk barru legea etorriko da, eta Ikastolok legearen aurrean gure jarrera eta posizionamendua inoiz baino sendoago finkatu beharko ditugu. Eta bitartean zer? 

   Bitartean akordioak behar ditugu, eta aurretik aipatu dugun moduan, epe jakin batean lortu beharrekoak dira, legearen negoziazioa hasi baino lehen. Eta hori bideratzea Hezkuntza Sailari dagokio. Hala ere, Ikastolok egingarria ikusten dugu akordioa; egun dagoen planifikazioa negoziatzeko zabaldu den aukera berri hau aprobetxatu nahi dugu, prest gaude elkarlanerako. Baina hasieran esan dugun moduan, garbi utzi nahi dugu ere, ez dugula ikastola bakar bat ere itxiko. Ikastolok prestu gaude elkarlanerako eta argi dugu ez dela gatazka baten barruan sartzeko unea, baina ezinbestekoa ikusten badugu, prest gaude ere horretarako. Taldea gara, talde anitza, eta talde bezala bideratuko dugu ikastola bakoitzaren egoera, beti tinko eta irmo, ikastolen izaera mantenduz.

   Ikastolok hezkuntza sistemaren etorkizunean izango dugun zeresana eta zeregina argi ditugu, eta gure autonomiatik eta auzolanean lan eginez, euskara eta euskal curriculuma bultzatzeko motorra izaten jarraitzeko asmo osoa dugu. Erreferentzia nazionala izaten jarraituko dugu hezkuntza eremuan, Euskal Herri osoko ikastetxe guztietarako ikasmaterial aurreratua egiten eta argitaratzen jarraituko dugu eta noski, hezkuntza ereduaren eraldaketa pedagogikoa bultzatzen jarraituko dugu. Beraz, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan leku garrantzitsua izango dugula uste dugu, eta bertan integratzen diren gainerako ikastetxeekin batera lan egiteko bokazioa ere bai.