Ahots txikien antzerki handia
2025-11-20
Ostiral goizean, Dinamoko Gorputzen eremua sormen eta emozioz bete zen: LH 1. eta 2. mailako ikasleek Amezketako Zumadi eskolako ikaskide nagusiek prestatutako antzerki bereziez gozatzeko aukera izan zuten.


Ostiral goizean, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek antzerkiz beteriko saioa bizi izan zuten Dinamoko Gorputzen eremuan. Hara bertaratu ziren Amezketako Zumadi eskolako LH 4., 5. eta 6. mailako ikasleek berariaz prestaturiko emanaldia eskaintzeko.
Hiru antzerki mota eskaini zituzten: ohiko antzezlanak, bertso-formatuko antzerkia eta ipuin musikatua. Azken horretan, aurrez ikasleek heurek grabatutako soinu efektuak erabili zituzten, istorioari giro berezia emanez. Bestalde, bertsoetan oinarritutako antzezlanak publiko txikiaren arreta bereganatu zuen, erritmo eta sormen handiarekin.
Goiz emankorra eta dibertigarria izan zen, bai antzezleentzat bai ikusleentzat. Esperientziak, gainera, ikasleen arteko harremanak sendotu eta sormena lantzeko aukera paregabea eskaini zuen.