Begirada moreak mundua hobetzen duenean
2025-11-25
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna urtero azaroaren 25ean ospatzen da, eta ikastolak bat egin du aldarrikapen honekin. Gaurko eguna aprobetxatuz, etapa desberdinetan hainbat jarduera burutu dira kontzientzia sortu eta ikasleen artean hausnarketa sustatzeko.








Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek bideo baten bidez landu dute gaia. Ikus-entzunezkoaren ostean, talde txikietan aritu dira hausnarketan, eta egunak duen garrantziaz jabetzeko tartea izan dute. Ikasleek aipamen eta ondorio propioak egin dituzte, indarkeria matxistaren aurkako mezua barneratuz.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, liburuxka bat izan da lan-tresna nagusia. Bertako edukiak irakurri eta ulertu ostean, galderak prestatu dituzte, eta ondoren hausnarketa eragiteko bideoak ikusi dituzte. Jarduera hauek aukera eman diete ikasleei gaiaren inguruko ikuspegi sakonagoa lantzeko.
Bigarren Hezkuntzan, aldarrikapenaren ikusgarritasunari eman diote garrantzia. Ikasleek kartelak sortu dituzte, eta ikastolan zehar jarri dituzte, beste ikasle eta irakasleen artean ere mezua zabaltzeko.
Ikastolatik oso argi daukagu hezkuntzak funtsezko eginkizuna duela indarkeria matxistaren aurkako borrokan, eta horrelako ekintzek ikasleen artean errespetuan, berdintasunean eta kontzientzia kritikoan oinarritutako balioak sendotzen laguntzen dutela.