Alberto Lizeaga (Hezkidetza taldeko arduraduna): Ikastolan indarkeria matxistaren aurrean hainbat motatako tresnak erabiltzen dira
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gure ikastolak hainbat jarduera antolatu ditu aurten ere. Egun berezi honen harira, ikastolako Hezkidetza taldeko arduradunarekin, Alberto Lizeagarekin, hitz egiteko aukera izan dugu. Hezkidetzak hezkuntza-komunitatean duen garrantziaz eta eguneroko jardunean nola txertatzen den ezagutzeko aukera paregabea izan da.
Hezkidetza, funtsean, neska eta mutilen arteko berdintasuna modu espezifikoan eta, aldi berean, zeharkako ardatz gisa lantzea da. Horrek esan nahi du ikastolak modu planifikatu eta koordinatuan jarduten duela, ikasle guztiek —sexu- edo genero-identitatea edozein dela ere— beren gaitasun eta trebetasun guztiak modu integralean garatzeko aukera izan dezaten.
Gai horiek sakonago aztertzeko eta gure komunitatean hezkidetzak duen eragina ulertzeko, jarraian elkarrizketa irakurtzeko aukera duzue.
- Zein da gure ikastolak indarkeria matxistaren prebentziorako jarraitzen duen ikuspegi pedagogikoa?
Gure ikastolan indarkeria matxistaren aurrean mota desberdinetako tresnak erabiltzen dira, etapa bakoitzari moldatutakoak.
- Zein alderditan egiten duzue lan hezkidetza plan estrategikoaren barruan?
Hiru dira lerro nagusienak. Garrantzitsuena irakasleon portaerak eredu moduan eskeintzea ikasleei. Horretaz gain, gogoeta etikoa bultzatzea gaiaren inguruan eta bisualizazio ekintzak burutzea.
- Zer erronka nagusi dituzue ikastolan hezkidetza txertatzerakoan?
Errealitate honen inguruan gure ikasleek oinarri sendoak edukitzea beraien ibilbide bitalean modu egokian jokatzeko. Hezkuntza Proiektuan txertatuta dagoen ikasle irteera profilak jasotzen du hori zeharka.
- Nola lantzen da indarkeria matxistaren prebentzioa etapaka (HH, LH, DBH, Batxilergoa)?
HHn tresna nagusia irakaslearen portaera eredua dugu tresna eraginkorrena.
LH garapenak ahalbidetzen duen neurrian gogoetak hartzen du protagonismo handiagoa eta bereziki bisualizazioa formato desberdinetan. DBHn gogoeta etikoa da tresna nagusia zalantzarik gabe.
- Nola antzematen dute ikasleek kontrola, jeloskortasuna edo portaera sexistak harremanetan? Lantzen al duzue modu esplizituan?
Ikasturtero kanpo interbentzioa antolatzen ditugu gai horren inguruan, udaletxearen eskutik, egoera horiek identifikatzeko tresna egokiak eskaini ahal izateko.
- Zer jarduera edo tailer berezi antolatzen dira azaroaren 25aren inguruan?
Egun horretan bisualizazioa bihurtzen da ekintza nagusiena. LH eta DBHn ekintza desberdinak antolatzen dira sinbolismoa eta metaforak erabiliz batez ere.
- Irakasleek zein prestakuntza jasotzen dute indarkeria matxista edo genero bazterkeria antzemateko eta esku hartzeko?
Ez dugu irakasleontzako formakuntza plan egituraturik, zeharkako gai nagusia denez, Ikastolen Elkarteko ONKI plan integralaren barruan kokatzen dugu.
- Nola inplikatzen dira familiek hezkidetzan eta indarkeria matxistaren prebentzioan?
Agian hauxe izango da indartzea eskatzen duen alderdirik garbiena. Ez dugu ondo egituratuta interbentzio alderdi hori, baina gure tutoretza eskuhartzean jasota dago ikuspegi hau noski.
- Nola laguntzen zaie ikasleei autoestimua, autonomia eta harreman osasuntsuen inguruko gaitasunak garatzen?
Lehen aipatu dudan bezala, Ikastolen Elkarteak prestatu duen ONKI programarekin ikasleen garapen integrala lantzeko tresna oso egokia dugu. Bertan alderdi horiek zaintzen dira. Horretaz gain, udaletxearen eskutik, adituen eskuhartzeak ere inplementatzen ditugu.
- Zein dira aurrera begirako erronka edo hobekuntza nagusiak ikastolan?
Garbi dugu arazo honen aurrean ibilbide luze eta neketsua izango dugula, baina gure plana etengabe elikatzen eta berrikusten aritu beharko dugu ezinbestean. Beharbada, espazion kudeaketan aurrerapausoak egitea izango da etorkizuneko erronka.